Gipuzkoan egin du gehien, eta Ameraunen (Berastegi) metro koadroko 133 litro bildu dira; Bidania-Goiatzen berriz 114 litro metro koadroko. Ondorioz larrialdi planak jarri dituzte martxan erakundeek.
Tolosaldean ere euriak ez du atsedenik hartu eta goizean goizetik eskualdeko ibai eta errekek gainezka egin dute ohiko puntuetan.
Alegian, Oria ibaiaren arroa maila gorrira iritsi da. Amezketa eta Oria ibaiak bat egiten duten puntuan urak gainezka egin du.
Tolosa ere urak kaltetutako gunea izan da. Oria ibaia indar handiz dator eta Zerkausi azpialdean dagoen TAK Oria Arraun Elkartean urak gainezka egin eta hainbat kalte eragiten ari da. Rondilla kalean hainbat estoldetatik ura atera da goizean goizetik eta kalea ur-putzu handi batean sortu da. Inguruko etxebizitzetako atarietan eta elkarteetan ura sartu da. Amarozko Usabal industriagunean ere hainbat tailer eta garajeek kalteak izan dituzte. Andra Mari kaleko garaje batzuk ere urez bete direnez, ura ateratzen ari dira bertatik. Tolosa eta Anoeta arteko errepidea itxita dago.
Hernialdeko bidegurutzean urak gainezka egin du eta ia Belateraino errepidea urak hartu du.
🚧 Luiziak: landa eremuko bi errepidetan luiziak izan dira Montezkue auzora eta Urkizu auzora doazen bideetan, hain zuzen.
— Tolosako Udala (@tolosaudala) February 27, 2024
⚠ Arreta bi bide hauetan.
Anoeta eta Iruran Oria ibaia oso hazita dator irudietan ikus daitekeen bezala.
Villabonan Oria ibaiak ere gainezka egin du. Abiadura handian dator eta Txermin auzoan errepidea hartu du. Kale Berria itxita dago. Agaraitz auzora doan errepidean ere ur putzu handiak sortu dira.
Ibaiak gainezka egin du eta Kale Berriko trafikoan aldaketak egin dira. Autobus zerbitzua aldatu egin da:
— Villabonako Udala (@VillabonaUdala) February 27, 2024
Geltoki probisionalak:
- Tolosaruntz: Burni-zubian eta Etxeondoko gasolindegian.
- Donostiaruntz: Burni-zubian.
Mesedez, tentuz jokatu eta Udaltzaingoaren aginduak jarraitu. pic.twitter.com/aOYOnJb7ec
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarrita du atzoz geroztik gaur eguerdiko 12.00ak arte prezipitazio iraunkorragatik. Euskalmetek adierazi duenez, euria erruz botako du ondorengo orduetan ere, eta metro koadroko 80 litro euri pilatu daitezke. Monika borraskak hainbat arazo ekarri ditu errepidean ere.
Hainbat ibilgailuk talka egin dute N-1 errepidean, Villabona parean Donostiako noranzkoan. Ondorioz trafikoa Tolosa erdigunetik berbideratu dute eta trafiko arazoak izan dira goizean.
GI-2634 errepidean, Albizturren, lur jausia izan ondoren trafiko arazoak sortu dira bertan eta Salubita errekak ere gainezka egin du hainbat puntutan.
Garraio publikoa ere arazoekin dabil goizean zehar eta trenak eta autobusak atzerapenarekin dabiltza.