KIROL AGENDA

2024ko lehen lehiak jokatuko dira asteburuan

Joanes Imaz Akizu 2024ko urtarrilaren 11

Areto futbolean, Lauburuk Alcorcon hartuko du, Tolosalak berriz Donipari. Tolosa Eskubaloiak Urolaren kontra jokatuko du eta Eguzkitza Sagardotegia TAKEk Goizper Group hartuko du.

Asteburuko kirol agendan lau kirol talderen partiduak nabarmenduko ditugu gaurkoan. Areto futbolean larunbatean jokatuko dituzte Lauburu eta Tolosalako gizonezkoen talde nagusiek urteko lehen norgehiagokak.

Ibartarrek lehen itzuliko azken partiduan Alcorcon taldea hartuko dute Belabietan. Talde moreak azken bi partiduak irabazi ondoren, hiru puntura ditu play off postuak, puntu gutxiko aldearekin talde asko daudenez goiko trena hartzeko irabazi beharreko lehia izango da honakoa. 18:30ean da zita.

Hirugarren mailan Tolosala play off postuetan dago, jokatutako 13 jardunaldietatik hamarretan lortu dute garaipena tolosarrek, beste hiru partiduak galdu egin dituzte. Aurrean izango duten Donipari taldea bosgarren postuan dago, Tolosala baino zazpi puntu gutxiagorekin, aurkari zuzena atzean uzteko aukera ederra izango da beraz. Uzturpeko frontoian 16:00etan ekingo diote lehiari.

Eskubaloian, Tolosa Eskubaloiko neskek Urolaren kontra jokatuko dute larunbat goizean, 10:00etan hasita. Tolosarrak sailkapen taularen erdian daude, aurkaria azkeneko postuan.

Saskibaloiari dagokionean, Eguzkitza sagardotegia TAKE denboraldi biribila egiten ari da, jokatu dituen lehia guztiak irabazi ditu. Lehen itzulia amaitzeko Goizper Group-en aurka jokatuko dute tolosarrek. Larunbatean arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua.

Gainerakoan, Asteasun igande goizean, 9:30ean hasita egingo diren eskolarteko mendi bizikleta lasterketak aipatu behar dira. Proba honetan kirolari federatuek nahiz herriko haurrek izango dute parte hartzeko aukera.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA