Eskualdeko 16 saltokik azterketa energetikoak egiteko aukera izan dute, euren denda eta establezimenduetan aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko.
Tolosako 11 saltoki, Villabonako 5 saltoki eta Zizurkil eta Ibarrako saltoki bana izan dira proiektuan parte hartu dutenak eta saltokien egoera energetikoa aztertzeaz gain, aurrezpen energetiko eta ekonomikorako hobekuntza proposamenak egin dira.
Proiektua bi atal nagusitan banatu da
Alde batetik, saltokietara bisita teknikoak egin dira establezimendu bakoitzeko egoera bertatik bertara aztertu ahal izateko: argiteria eta erregulazio irizpideak, hotz ekipoak, makina elektrikoak, klimatizazio sistema, establezimenduaren isolamendua, ur bero sanitarioaren erabilera, etab. aztertu dira.
Bestetik, saltoki bakoitzeko elektrizitate kontratuaren azterketa egin da: kontratatuta duten potentziaren egokitasuna, kontsumo nagusiak zein ordutegi-tartetan egiten diren, etab. behatuz. Lortutako emaitzen arabera, saltokiei hobekuntzarako proposamena luzatu zaie, euren faktura elektrikoaren kostua gutxitzeko helburuarekin, hain zuzen.
18 saltokitan, urtean, 16.487,66€ aurrezteko potentziala dagoela ondorioztatu da
Azterketak zenbait ondorio nabarmenena jaso ditu, tartean, 18 saltokitan, urtean, 16.487,66€ aurrezteko potentziala dagoela, bataz beste %17,9ko aurrezpena suposatuko lukeena.
Proiektua, Piztu Tolosaldea Energia Estrategia barruan kokatzen da Tolosaldea Garatzenek dinamizatu eta sustatzen duena, Foru Aldundiak finantzatuta, eta eskualdeko merkataritza elkarteek eta udalek lagunduz.