Kirol taldeekin hasita futbolean Tolosa CFko gizonezkoen taldeak larunbatean Idiazabalgo Arizkorreta zelaian jokatuko dute (larunbatean 18:20etan) Deustoren aurkako partidua. Azken bi lehiak galdu ondoren garaipenaren bidera itzuli nahi du Iker Dorronsororen taldeak.
Nesken talde nagusiak bere aldetik, Alegiako Elorri zelaian jokatuko du (larunbatean 15:45ean), Burgos izango du aurrean, kasu honetan azken bi lehiak irabazita bolada onari eutsi nahi dio talde urdinak.
Areto futbolean Lauburuk Ribaflecha Villaren aurka jokatuko du Donostiako Gaska kiroldegian (larunbatean 20:15ean), derbia irabazi ondoren sailkapenaren goialdean sartzeko irabazi beharreko lehia da talde morearentzat.
Eskubaloian Tolosa Eskubaloiko mutilek igande eguerdian Anoetako Abraham Olano kiroldegian jokatuko dute Beti-Onak taldearen aurka. Bi partidu galdu ondoren talde urdinarentzat goiko trenak alde egin ez dezan irabazi beharreko lehia da hau.
Hori kirol taldeei dagokionean, kirolari herrikoiek Hernialdera egiten den rollerski igoeran parte hartzeko aukera izango dute larunbat arratsaldean. Hiru modalitateko lasterketak jokatuko dira: patinaia estiloan, 16:00etan hasitan, Tolosako Belate auzoan hasi eta Hernialde plazan amaituko dute proba, bost minutu ondoren, klasiko estiloan Hernialdeko Bentatik abiatuko dira parte-hartzaileak eta azkenik estilo klasikoan infantilak 16:10ean hasiko dute proba Tolosa eta Anoetako bideak Hernialdera bidean bat egiten duten gurutzetik.
Rollerskian animatzen ez denak, Amasan mendi duatloia izango du aukeran eta Orendainen Eltxo Trail mendi lasterketa. Azken honetan bi proba jokatuko dira 15:30ean 21 kilometrokoa eta 16:00etan 7koa.
Ziklokroszaleek larunbat arratsaldean nahiz igandean Tolosan izango dute hitzordua.