Tolosako alkateak nabarmendu du «senideek oraindik aitortza ofizialik gabe» jarraitzen dutela, tolosarren gorpuak aurkitu zituzten lekuan egin den ekitaldian
40 urte beteko dira Guardia Zibilak Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak Baionan bahitu, Donostian torturatu, hil eta Alacanteko Busot herrian lurperatu zituela.
Urteurren honen testuinguruan, Egiari Zor Fundazioak omenaldia antolatu du bi tolosarrak gogora ekartzeko, gorpuzkiak aurkitu zituzten lekuan, Busoten. Ekitaldian, senideak, lagunak eta Busoteko herritarrez gain, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok parte hartu du. «Busotera etorri gara, Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu ziren herrira, espainiar estatuko gorputz parapolizialen indarkeria jasan zuten bi tolosarrak gogora ekartzeko, eta senide eta gertukoei babesa eta maitasuna azaltzeko», adierazi du Tolosako alakteak hitza hartu duenean.
Duela lau hamarkada bizitakoa ekarri du gogora Martinez de Rituertok: «Hilabeteetako desoseguaren ondoren, gorpuak agertu zirenean, estatu indarkeriaren gordintasuna parez pare ikusi genuen». Senitarteko eta herritarrei azken agur duina emateko eskubidea ukatu zitzaiela ere gehitu du alkateak.
40 urte igaro dira gertakari latz horietatik, eta, gaur egun, espainiar estatuak oraindik Lasa eta Zabala ez dituela biktimatzat hartzen gogorarazi du Martinez de Rituertok. «Senideek ez dute inolako aitortza ofizialik».
Tolosak bakearen eta adiskidetzearen arloan urteak daramatza lanean, eta alkateak adierazi du hemendik aurrera ere, udalerriko biktima guztien errekonozimenduan aurrera egin dadin eta maila guztietako erakunde publikoen aldetik aitortza ofiziala jaso dezaten lan egingo duela Udalak: «Guk lanean jarraituko dugu biktima guztientzat egia, justizia eta errekonozimendua berma daitezen».