Asteburuan ekingo diote norbere ligari eskualdeko hiru talde, Laskorainek, Lauburuk eta Tolosa Eskubaloiak.
Areto futbolean Laskorainek 2. B mailara itzuli den urte honetan Colo Coloren aurka neurtuko ditu indarrak ligako lehenengo jardunaldian. Usabal kiroldegiko grebaren ondorioz Donostiako Pio Baroja kiroldegian jokatuko da norgehiagoka larunbatean 18:30ean hasita. Maila berean Lauburuk Pinseque-ren kantxan ekingo dio ligari. Aurreko astean Cintruenigoren kantxan Errege Kopako kanporaketa gainditu ondoren dator ligako estreinaldia ibarrako taldearentzat.
Eskubaloiari dagokionean Tolosa Eskubaloiko gizonezkoen taldeak, egiaren kantxan ekingo dio denboraldi berriari. Egutegian lehiaketa etxean hastea tokatu bazitzaion ere, bi taldeek adostu dute partidua Egian jokatzea, bigarren itzulian elkarren kontra jokatuko duten partidua Tolosan jokatuko da. Talde urdinak ostiralean iluntzeko 19:00etan ekingo dio etapa berriari.
Futbolari dagokionean Tolosa CFko gizonezkoek Zumaian jokatuko dute ligako bigarren jardunaldiko partidua. Iker Dorronsorok gidatzen duen taldeak Hernaniri irabaziz hasi zuen liga aurreko astean.
Emakumezkoen taldeak berriz Monteren zelaian jokatuko du, kasu honetan lehen jardunaldian galdu egin zuen Tolosako taldeak.