Tolosaldeak hirugarren denborarik onena eginda lortu du Kontxan lehiatzeko txartela

Joanes Imaz Akizu 2023ko abuztuaren 31

Tolosaldeko trainerua Kontxako uretan lehiatuko da. Asteazken arratsaldean jokatu den sailkatze estropadan hirugarren denborarik onena egin du TAKek. Bere aurretik sailkatu dira Orio, eta Donostia Arraun Lagunak. Talde horiak 12 minutu eta 23 segundoan geratu du kronoa, donostiarrek 8 segundo gehiago behar izan dituzte eta Tolosaldeak 13 segundoko galera izan du. Hiru hauekin batera Zumaia, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku ere sailkatu dira urteko banderarik preziatuenaren lehian aritzeko.

Naroa Berrerecil arraunlariak sailkatze estropadan lehenengo partaideak izateak urduritasuna eragin ziela aitortu du. Itsasoaren baldintzak egokienak izan ez arren "estropada borobila" egin dutelakoan dago TAKeko arraunlaria.

Igandean bigarren txandan

Sailkatze estropadaren ondoren, igandean jokatuko den lehen jardunaldirako txanden zozketa ere egin da. Tolosaldeak bigarren txandan parte hartuko du, parean Donostiarra, Arraun Lagunak, eta Hondarribia izango ditu. Lehenengo txandan Hibaika, Orio, Zumaia eta Kaiku arituko dira.

Naroa Berrecil: "Bigarren txandan lehiatzea positiboa da"

"Ahalik eta posturik onena" egiten saiatuko dira beste behin TAKeko arraunlariak.  Kontxako Banderaren lehen jardunaldia igandean 11:00etatik aurrera jokatuko da, bigarrena hurrengo igandean, irailaren 10ean.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA