EMAITZAK

Aldaketa Alegian eta Berrobin

Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 13:37

Hauteskunde hauetan Alegiako datua nabarmendu behar da, orain artean EH Bilduren eskuetan egon den alkatetza Aurrera Alegiak hartuko baitu. Regina Sorarrain buru duen herri plataformak 41 botoko igoera izan du eta EH Bilduk 33 bozka galdu ditu. Aurrera Alegiak 14 botoko aldearekin irabazi ditu hauteskundeak. Alegian abstentzio datua baxua izan da, %25ekoa. Ekainaren 17tik aurrera Aurrera Alegiak 5 zinegotzi izango ditu eta EH Bilduk 4.

Berrobin ere aginte makila eskuz aldatuko da. Alderdi sozialistak duela lau urte 30 botorekin lortu zuen alkatetzari ezin izan dio eutsi. Igandean 50 boto lortu zituzten sozialistek baina Berrobi Bizi plataformak udalak dituen zazpi zinegotzitatik sei izango ditu aurrerantzean. Aitzol Izquierdo izango da alkate berria.

Anoetan, EH Bilduk orain arte zuena baino zinegotzi bat gehiago izango du, seitik zazpira pasa da. Hain justu EAJk galdu duen ordezkaria lortu du, jeltzaleek orain arte 5 zituzten, aurrerantzean lau izango dituzte. Boto kopuruari dagokionean aurreko udal hauteskundeekin alderatuta EH Bilduk zazpi boto irabazi ditu eta EAJk 110 galdu. % 36koa izan da abstentzioa Anoetan. Egoitz Luisa izango da alkate berria.

Iruran EH Bilduk zinegotzi bat irabazi du, bost izatetik  sei izatera pasa da EAJk galdu duena hain zuzen ere, hiru izango ditu alderdi jeltzaleak. Gorka Muruak jarraituko du alkate gisa.

Asteasun Pili Legarrak jarraituko du alkatetzan. Asteasu Batuzek zinegotzi bat gehiago izango du,  eta EAJk bakarra.

Berastegin ere EH Bilduk ordezkaritza hobetu du, sei zinegotzi izatetik  zazpi izatera pasa da eta EAJk bi izango ditu. Andoni Zuriarrain izango da alkatea.

Ikaztegietan EH bilduk orain arte baino zinegotzi bat gehiago izango du, bost eta EAJk bi. Alba Garmendia izango da alkatea.

Larraulen alderdi sozialistak alkatetzari eutsiko dio, bost zinegotzi izango ditu, orain arte zazpi zituen, eta EAJ bi ordezkari lortu ditu. Abstentzioa %44koa izan da. Maite Aranak jarraituko du alkate gisa.

Leaburu Txaraman EH Bilduk bost zinegotzi izango ditu eta EAJk bi. Joxe Ramon Eizagirre izango da berriz ere alkate.

Zizurkilen ez da aldaketa nabarmenik izan. Udala osatzen duten hiru alderdiek orain arte izan duten ordezkaritza berdina izango dute, EH Bilduk sei zinegotzi, EAJk hiru eta PSEk bi. Nabarmentzekoa da hiru kasuetan boto galera izan dela, EH Bilduk 170 boto galdu ditu, EAJ 70 eta PSEk 23. Duela lau urte Zizurkilen abstentzioa %32koa izan zen, igandean %42koa. EH Bilduko Iker Urruzolak izan duen alkate makila alderdi berdineko Maite Amenabarrek hartuko du.

Amezketako kasua ere antzekoa da. EH Bilduk bost ordezkarirekin jarraituko du eta Amezketa Etorkizunek birekin. Mikel Arteaga izango da alkate berria.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean