EMAITZAK

EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Tolosaldean

Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 14:10

EH Bilduk Tolosaldeko 17 herritan lortu du alkatetza

EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Tolosaldean, 17 herritan izan da lehen indarra. Boto kopuruari dagokionez,  EH Bilduk 11.276 boto jaso ditu; 2019an  baino 64 gutxiago. EAJ izan da Tolosaldean bigarren alderdi bozkatuena 5.945 botorekin. Beherakada  izan du alderdi jeltzaleak, 2019an baino 1.809 boto gutxiago jaso baititu.

Duela lau urteko hauteskundeetan Tolosaldean alkatetza bakarra eskuratu zuen EAJk: Tolosakoa. Aurten berriz, EH Bildu gailendu zaio eta  Andu Martinez de Rituerto izango da Tolosako alkate berria.

Aldaketa Alegian ere. 462 botorekin Aurrera Alegia izan da alderdirik bozkatuena eta Regina Sorarrain izango da alkate berria, beraz EH Bildu oposiziora pasako da.

PSE-EEk Larraulgo alkatetza mantendu du eta Maite Aranak errepikatuko du alkate postuan datozen lau urteetan. Berrobin aldiz Berrobi Bizi plataforma izan da zerrendarik bozkatuena. Beraz, sei zinegotzi izango ditu eta alderdi sozialistak zinegotzi bakarra mantenduko du. Tolosaldean PSE-EEk jasotako boto kopuruak behera egin du 1.563 zehazki.

Herri zerrendek presentzia handia izango dute legegintzaldi honetan, izan ere 68 zinegotzi izango dituzte guztira eta hamar herrietan alkatetza beraiena izango da.

Abstentzioa izan da eguneko beste protagonista, %39,14koa izan baita. 2019an baino 828 pertsona gehiagok izan dute botoa emateko eskubidea. Eskualdeko errolda  37.063koa izan da eta 21.634 pertsona izan dira hauteslekuetara gerturatu direnak, beraz 2019an baino 2.242 gutxiago. 353 boto baliogabe izan dira eta 632 zuri.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean