Uzturre Foroak 2026an antolatuko duen azken ekitaldian terrorismoaren eta indarkeriaren hiru biktima elkartuko dira: Mikel Paredes, Alberto Muñagorri eta Naiara Zamarreño. Topaketaren gaia “Memoria eta bizikidetza: jasandakoa, lortutakoa eta egiteke dagoena” izango da. Hitzordua abenduaren 1ean, asteartea, 19:00etan izango da, Tolosako Topic-en.
Mikel, Juan Paredes Manot Txikiren anaia da. Diktadura frankistak 1975eko irailaren 27an hil zuen Txiki, erregimenak fusilatutako azken bost pertsonetako bat. 1982ko ekainaren 26an, Alberto Muñagorrik 10 urte zituela, ETAren motxila-bonba batek hanka bat eta begi bateko ikusmena kendu zizkion Errenterian, eta bizitza osorako ondorioak utzi zizkion. “La mochila” liburuak haren istorioa kontatzen du. 1998ko ekainaren 25ean, Naiara Zamarreñok 15 urte zituela, ETAk haren aita, PPko zinegotzia, hil zuen Errenterian.
Aintzane Ezenarro kazetariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendariak, gidatuko du hiru hizlarien arteko elkarrizketa.