Aurtengo Titirijai jaialdia, Ainara Martinek zuzendutako ekipo berriaren fruitua izan dela adierazi du Kepa Goikoetxea, Ekinbide Etxeko zuzendariak. Urtebetean plan estrategikoa diseinatu, osatu eta bideratu, ekipoak eraldatu eta sortu eta lan egiteko sistema bat inplantatu duela lan-taldeak, bitartekaritzak eta talde lanak bultzatzeko helburuarekin. Orain berriz, abendu hasierarako TOPIC-eko zuzendari berria aukeratzeko prozesuan dabiltzala.
Elkarrizketak sortzen dituen jaialdia dela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Isaac Palenciak. Goiuri Ezeiza, Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak, jaialdia, herriaren identitatearen parte dela gehitu du. Aurten herriko beste eragile batzuekin egindako lanketak ere azpimarratu nahi izan ditu azken honek. Besteak beste, lehen aldiz Andragorarekin lan egin izana eta horrela, herriko beste gune batzuetara iritsi izana.
Ainara Martin, TOPIC-eko zuzendariak adierazi duenez, automatak zentroan jarri nahi izan dituzte aurtengoan. Ainize Sarasola izan da kartelaren egilea. Fantasia eta poztasunez beteriko egitarau bat osatu nahi izan dute eta horixe bera transmititu nahi izan dute azalean. Martinek adierazi duenez, arazo nagusia gazteen atentzioa erakartzea da. Horregatik, "Las hijas de Felipe" podkastarekin irekiko da jaialdia. Bestalde, espazio kulturalak "desakralizatu" nahi izan dituzte. Poesia eta bertsoaren bitartez, Gizarte automatari buruzko saio bat osatuz eta TOPIC-eko anbigu espazioa, momentu batez, "taberna" moduko bat bilakatuz.
22 konpainia izango dira aurtengo edizioan. Kantitatearen gainetik, kalitatea eta lan-baldintza hobeak izatea lehenetsi nahi izan dutela adierazi du Amaia Iriondo, TOPIC-eko ekoizpen arduradunak. Hala ere, aurtengo zirkuituan, 41 emanaldi eskainiko direla. Kanada, Argentina, Italia, Frantzia eta estatu mailako artistek osatzen dute aurtengo egitaraua; Madrid, Valentzia, Katalunia, Galizia eta azkenik, Euskal Herritik bertatik etorritakoek.
Ez izan automata
Aurtengo lelopean zenbait jarraibide eman dituzte TOPIC-eko lagunek. Mezu honekin hasiko dira jaialdiko ekintza guztiak:
Hasteko, Automata hitzaren ondorengo definizioak azalduko dira:
- Barruan mugimendu jakin batzuk eragiten dizkion mekanismoa duen tresna edo aparatua.
- Izaki bizidun baten irudia eta mugimenduak imitatzen dituen makina.
- Pertsona ergela edo gehiegizko ahulezia duena, beste batek gidatzen uzten duena.
Ondoren, dekalogo moduan, leloaren aldarria puntuz puntu azalduz, "Gizarte automataren aurkako manifestua" botako dute:
- Pentsatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
- Ez dugu errepikatu nahi: interpretatu nahi dugu.
- Galderak egitea ere kultura egitea da.
- Kulturak probokatu egin behar du.
- Zalantza ezagutza-modu gisa defendatzen dugu.
- Kultura topagune bat da.
- Arteak beste modu batera begiratzen irakasten digu.
- Ondarea ez da erantzun itxi bat.
- Herritarrak nahi ditugu, ez automatismoa.
- Kultura bizi bat, gizarte esna bat.
Egitaraua: https://28kanala.tok-md.com/pdfak/2026ko_Titirijaien_egitaraua.pdf