Alliriko 1, 2 eta 3 atarietako bizilagunak LABekin antolatzen hasi dira

Tolosako Alliri kaleko 1, 2 eta 3 zenbakietan kokatuta eta Adaniaren esku dauden etxebizitzetan bizi diren maizterrak, LAB Sindikatuarekin batera antolatzen hasi dira. 


Bizilagunak LAB sindikatuarekin harremanetan jarri dira, etxebizitzek Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa galdu ostean, bertan bizi direnek Adaniaren aldetik presioak jasotzen ari direla salatzeko:  "Etxebizitzak merkatu pribatura igaro direla aprobetxatuz, alokairu kontratuak igotzeko mehatxua daukagu mahaigainean".

Gogorazi nahi izan dute, Adania Euskal Herriko etxejabe handiena dela, eta haien bizitzekin jokatzea erabat bidegabea iruditzen zaiela.

Beraien etxebizitzak, BOE kalifikazioa galdu eta merkatu espekulatibora pasa direnez, Adaniak gehiegizko igoerak ezartzen dituzten kontratu berriak proposatzen dizkiete, kasu gehienetan, 300€ inguruko igoerak dakartzatenak. Bizilagunek aipatu dutenez, ez da kasu isolatua: "Gasteizen, esaterako, babes ofizialeko kalifikazioa galdu duten ehunka etxe Adaniaren esku geratu direnean, hark prezioak izugarri igo dizkie, maizterren kontura irabazi gehiago izateko. Eta han ere maizterrak antolatuta daude. Borroka sindikala egiten ari dira".

Diru publikoaren laguntzaz eraiki ziren eta urte hauetan zehar alokairura bideratu diren etxebizitza sozialekin espekulatzea onartezina dela adierazi dute. Alokairu soziala aldarrikatzen dute, eta etxebizitzek maizterren diru-sarreren araberako prezioak ezarrita izatea.

Horregatik, Alliri 1, 2 eta 3 atarietako maizterrak LABen etxebizitza asanbladaren barruan antolatzea eta Alliri kaleko sail sindikala eratzea erabaki dute. Lehen urrats gisa, alokairu-kontratu berrien baldintzei buruzko negoziazioa irekitzeko eskatzen diete Adaniari.

Indarrean dagoen 29/2026 Etxebizitza Dekretua baliatuko dute alokairuen luzapena eskatzeko, gune tentsionatua baita Tolosa, eta, horrenbestez, alokairuen igoerak mugatuta egon behar baitu.

Azkenik, Azaroaren 11n, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat nahi dituztela aldarrikatzeko, Greba Orokorrean parte hartu eta kaleak betetzeko deia luzatzen dute.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA