Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategai izatea proposatu du EH Bilduren Tolosako Mahai Politikoak

2023ko Udal Hauteskundeetan, Andu Martinez de Rituerto 28 Kanalean egindako elkarrizketan.

EH Bilduren Tolosako Mahai Politikoak Andu Martinez de Rituerto proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren Udal Hauteskundeetan Tolosako alkategai izateko hautagai gisa.

Tolosako Mahai Politikoak Andu Martinez de Rituerto proposatu du Udal Hauteskundeetarako EH Bilduko alkategai berriro izateko, eta esan dute, "orain arte EH Bilduren proiektuan egin duen ekarpen eskerga kontuan hartuta" hartu dutela erabakia. Honez gain gaineratu dute 2023. urteko udal hauteskundeetan Tolosako zerrendaburu zela, talde subiranistak babes zabala izan zuela, eta orduz geroztik egin diren hauteskunde guztietan "EH Bildu Tolosako lehen indarra izan dela, herrian ezkerreko subiranismoaren goranzko joera indartuz eta alde handiagoz tolosarren lehen aukera politikoa bilakatuz".

EH Bilduren Tolosako mahai politikoak ondorengo adierazpenak egin ditu: "2023az geroztik, Martinez de Rituertok tolosarren beharrak behar bezala identifikatu eta horiei erantzuna ematen jakin du, beti ere tolosarren interes orokorra lehenetsiz eta gobernantza kooperatiboaren bitartez herritarrekin lan egiteko modua ezarriz". Tolosako EH Bilduren mahai politikoak, Tolosako Udalak martxan jarritako AuzoEkin ekimena, etxebizitzaren erronkari erantzuteko ekimen integralak, eta Zumarditxikia herritarren gozamenerako gune izatea nabarmendu ditu.

Gaineratu nahi izan dute Martinez de Rituertok erabateko gaitasuna duela Tolosak parez pare dituen erronkei erantzuteko: "hori baita azken lau urteetan egindako lanketaren erakusgarri". "Herritarrekin erabateko elkarlanean, ezinbesteko elementua da EH Bilduren proiektua gauzatzeko". EH Bilduren oharraren arabera "Tolosan hori gidatzeko pertsona egokiena Andu Martinez de Rituerto da".

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA