Uzturre Foroak bere ekitaldi-programarekin jarraitzen du. Oraingoan hausnarketa-erronka handinahi bati heltzea proposatzen du. Munduko, Europako, Estatuko zein Euskadiko egoera politiko konplexuari erreparatuta, mahai gainean jarriko duen galdera nagusia honako hau da: “Zer ekarriko digu ikasturte politiko berriak?”.
Gai horri buruzko beren ikuspegia eskaintzeko, Uzturre Foroak Juanjo Álvarez eta Antón Losada gonbidatu ditu. Juanjo Álvarez Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna, jurista, Globernanceko idazkaria eta analista politikoa da. Antón Losada, berriz, Zientzia Politikoetako katedradun akreditatua, idazlea eta analista politikoa da.
Topaketak galdera-erantzunez osatutako elkarrizketa-formatua izango du, eta Aintzane Bolinaga kazetariak gidatuko du. Ekitaldia urriaren 14an, 19:00etan, Tolosako TOPICen egingo da. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.