Bueltan da Mugi Tolosa

Erredakzioa

Ibilaldiak asteazkenero egingo dira. 10:30ean bost kilometroko ibilbidea egingo dute eta 11:00etan abiatuko den taldeak kilometro inguruko ibilbidea. 

Mugi Tolosaren ikasturte berria asteazkenean jarriko da martxan. 29 irteera aurreikusten dira, horietako hamaika 2026. urtean, eta beste hemezortziak 2027an, ekaineko lehen astera bitarte. Asteazkenero egingo dira ibilaldiak Tolosan, jai-egunetan, gabonetan, inauterietan eta Pazko-astean izan ezik.
Parte-hartzaileen beharrei erantzuteko, bi ibilbide eta ordutegi izango dira aukeran. 10:30ean abiatuko den taldeak bost kilometro inguruko ibilbidea egingo du; 11:00etan aterako den taldeak, berriz, kilometro inguruko ibilbidea egingo du, batez ere mugikortasun murritzagoa duten pertsonen beharretara egokituta.
Ekimenaren bidez, jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatu nahi dira adinekoen artean, eta aldi berean, bakardadeari eta sedentarismoari aurre egin. Horrez gain, herritarren arteko harremanak indartzea du helburu, bereziki gazteen eta adinekoen arteko elkarreragina bultzatuz eta egunerokoan bizipoza areagotzeko aukerak sortuz.
Gainera, ibilaldiak ez dira jarduera fisikoa egiteko proposamena soilik. Urtero bezala, boluntarioen eta ikasleen sarearen babesa izango dute, eta Tolosako hainbat eragilek ere parte hartuko dute egitasmoan. Besteak beste, Herrikidek, Osokik, Laskorain Ikastolak, Orixek, Tolosako OSIak, Iturriza eta Harizpe jubilatuen elkarteek, Gurutze Gorriak, Beti Gaztek, Ilarkik, Asuncion klinikak, Nagusilanek, Goyeneche Fundazioak eta Iurramendi eta Uzturre egoitzek.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA