Tolosa&Co-k 1.000 euro zozkatuko ditu, goiz batean bere saltokietan gastatzeko

Maialen Bastarrika Luengo

Irudia: Tolosa&CO

“1000€ NON? EDONON” kanpaina irailaren 28tik urriaren 23ra egingo da, eta Tolosa&Co elkarteko saltokietan goiz bakarrean gastatzeko 1.000 euroko zozketan parte hartzeko aukera emango du.

Astelehenean hasi zen “1000€ NON? EDONON” Tolosa&COren kanpaina berria; elkarteko saltokietan erosketak sustatzeko eta tokiko merkataritzaren garrantzia nabarmentzen jarraitzeko helburuarekin.

Kanpaina urriaren 23ra arte egongo da martxan. Aste horietan, kanpainari atxikitako saltoki batean egiten den erosketa bakoitzeko, bezeroek txartel bat bete ahal izango dute 1.000 euroko zozketan parte hartzeko. Zozketa urriaren 23an bertan egingo da.

Irabazleak erronka oso zehatza izango du: 1.000 euroak goiz bakarrean Tolosa&Co-ko saltokietan gastatzea. Saria saltoki desberdinen artean banatuko dela bermatzeko, gehienez 100 euro gastatu ahal izango ditu saltoki bakoitzean, baina ez da beharrezkoa izango erosketa guztietan kopuru horretara iristea.

Kanpainan parte hartzen duten saltokiak tolosandco.org webgunean kontsulta daitezke.

Beste 1.000 euro Tolosan zehar ezkutatuta

Ekintza osagarri gisa, Tolosa&Co-k 15 txeke fisiko ezkutatuko ditu Tolosako hainbat txokotan, guztira beste 1.000 euro banatuz: 100 euroko bost txeke eta 50 euroko hamar.

Txeke horietako bat ezkutatzen den bakoitzean, Tolosa&Co-k bere Instagram kontuaren bidez jakinaraziko du (@tolosandco), eta bertan txekea aurkitzen laguntzeko pistak argitaratuko ditu. Aurkitutako txekeak kanpainan parte hartzen duten saltokietan erabili ahal izango dira.

Ekimen honekin, Tolosa&Co-k kaleetan mugimendua sortu, erosketak sustatu eta tokiko merkataritzaren alde egiteak Tolosa bizirik mantentzen laguntzen duela gogorarazi nahi du.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA