Tolosa Argituz Energia Komunitateak (TAEK) herritarrei zuzendutako aurkezpen-saioa egingo du asteazkenean, irailak 23, 18:30ean TOPICeko areto nagusian. Ekitaldia euskara hutsean izango da, baina gaztelaniarako interpretazio-zerbitzua egongo da eskuragarri. Saioak ordubete inguruko iraupena izango du eta ondoren mokadutxo bat egingo da Euskal Herria plazan.
Aurkezpen honen bidez, tolosarrak komunitatera batzera eta esku artean duten lehen egitasmoan parte hartzera animatu nahi dituzte. Aurrerago, herritarren zalantzak argitzeko informazio-postu bat ere jarriko dute herrian eta eskuorriak banatuko dituzte.
Ferialekuko estalkia, lehen urratsa
Komunitatearen lehen proiektua Ferialekuko estalkian instalazio fotovoltaiko bat jartzea da, herritarren artean autokontsumo partekatua sustatzeko. Egitasmo hau Udalarekin elkarlanean bultzatuko da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du.
Tolosako Udalak iraileko osoko bilkuran onartuko du estalkia 25 urtez lagatzeko emakida zuzena, eta datorren urtean kooperatibako bazkide laguntzaile bihurtzeko konpromisoa hartuko du.
Proiektu honek onura handia ekarriko die bereziki Alde Zaharreko bizilagunei. Izan ere, eremu horretako eraikinetan ezin da plaka fotovoltaikorik jarri ondare historikoaren babesa dela eta; beraz, Ferialekuko instalazioari esker, bertako herritarrek ere energia berriztagarria autokontsumitzeko aukera izango dute.
TAEKen helburu nagusia Tolosan bertan energia berriztagarria sortzea da, tokiko eguzki-energia, energia-eraginkortasuna eta kontsumo kolektiboa uztartuz, eredu bidezkoago eta iraunkorrago bat eraikitzeko.