Tolosako Herri krosak 38. edizioa osatuko du urriaren 12an. Bertan parte hartu nahi duenak kronoak.com webgunean du izena emateko aukera, urriaren 9an bukatuko da horretarako epea. Parte hartzaileek, 13 euro ordaindu beharko dituzte.
Krosak bi ibilbide izango ditu, 5 kilometrokoa eta 10ekoa. Lehenengoan Tolosako kaleetan moldatuko den zirkuituari itzuli bat eman beharko zaio, bigarrenean bi. Sariei dagokionean, lasterketa bakoitzeko lehenengo hiru gizonezkoek eta hiru emakumezkoek trofeo eta opari bana jasoko dute.
Helduen probak bukatu ondoren, Txiki Krosa egingo da. Bederatzi urte bitarteko haurrek 500 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Bederatzi eta hamalau urte bitartekoentzako berriz, 1.250 metroko zirkuitua prestatuko da. Haurren lasterketetan ez da sailkapenik osatuko. Aurten ere, probak helburu solidarioa izango du, haurrek eskola materiala eraman beharko dute eta biltzen dena Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bideratuko da.