Tolosako Udalak Tolosako Kultur Erakusleihoa proiektua jarri du martxan, herrian dagoen sormen eta kultur aberastasun zabalari bultzada bat emateko asmoz. Proiektu honen helburu nagusia Tolosako kultur sortzaile eta eragileen katalogo osatu bat sortzea da, euren jarduerak ikusgarri eginez eta tokiko talentuari balioa emanez.
Tolosako kultur bizitza eraikitzen denez eragile, pertsona eta elkarte ugariren artean, tresna berri honek eragileen arteko harremanak estutzeko eta elkarlanak errazteko zubia izan nahi du. Horrez gain, Udalak berak eta herriko beste hainbat eragilek udalerriko kultur programazioak osatzerako garaian erreferentziazko baliabide gisa erabili ahalko dute katalogoa.
Izena ematea: zabalik eta doan
Ekimenean parte hartzea guztiz borondatezkoa eta doakoa da. Musika, antzerkia, argazkigintza, artisautza edo beste edozein kultur diziplinatan aritzen diren herritar, talde nahiz elkarteek dute zabalik katalogo honetan parte hartzeko aukera.
Parte hartu nahi duten sortzaileek Udalak horretarako prestatu duen sareko loturaren bidez eman dezakete izena beren datuak eta jarduerak erregistratzeko.Behin informazio guztia bilduta, ordura arte osatutako katalogo hori herritar guztien zein kultur eragileen eskura jarriko da.