Egun handia Tolosandbluesen: eguerditik hasi eta gauerdira arteko doinuak

Maider Navarro Alustiza 2026ko ekainaren 27a

Iritsi da Tolosandblues jaialdiaren egunik indartsuena. Eguerditik gauerdira arte, herriko kale eta plazak musikaz beteko dira, blues doinuak ardatz direlarik.

Txus Blues & Cesar Canut (13:00etan, Lopez-Mendizabal plazan): Egunari hasiera emateko, 20 urtez Estatu osoan zehar jotzen aritu den bikote honek formatu akustikotik abiatzen den blues herrikoia ekarriko du. Rocka, tangoak edo narcocorridoak ere uztartzen dituzte euren errepertorioan, ironia darien letra oso bereziekin batera.

Wax & Boogie Feat. Pablo Sanpa (19:30ean, Plaza Berrian): Arratsaldean, Bartzelonako boskote honek hartuko du lekukoa 30eko hamarkadako boogiea, 40ko hamarkadako swinga eta 50eko hamarkadako rhythm & blues doinuak taularatzeko. Saio honetarako, Pablo Sanpa gitarra-jotzaile madrildarrarekin arituko dira elkarlanean.

John Primer & Giles Robson Band (23:00etan, Plaza Berrian): Eta gauari amaiera emateko, edizio honetako kartelburu nagusietako baten txanda izango da. Chicagoko bluesaren tradizioaren zaindari nagusitzat hartzen da Primer, eta bere trebetasun tekniko zein irudimen diziplinatuarekin mundu mailako erreferente bilakatu den maisua zuzenean ikusteko aukera aparta izango da gaur.

Mikel Irisarri (00:00etatik aurrera, Iparra tabernan): Kontzertuak amaitu ostean, festak aurrera jarraituko du gauerdiko saio berezi batekin. Giroari eutsi nahi diotenentzat, Irisarrik blues eta soul pintxada eskainiko du, larunbateko festa-giroari amaiera borobila emateko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA