Argitara atera da Uzturreko San Inazio sendategiaren historia

Maider Navarro Alustiza 2026ko ekainaren 11

Joseba Salbador Goikoetxea kazetari eta ikerlari tolosarrak eraikinaren memoria historikoa berreskuratu du sei hilabeteko ikerketa lanaren bidez. Proiektuak eraikinaren hondakinak txukuntzen ari diren boluntarioen lana osatzen du, eta dagoeneko eskuragarri dago Tolosako Udalaren webgunean.

Uzturreko San Inazio sendategia eraiki zenetik 160 urte bete dira gaur. Orain arte herritarrentzat nahiko ezezaguna izan den historia erreportaje formatuan jaso du Goikoetxeak, azken hamar urteotan eremua berreskuratzeko lanean ari den boluntario taldearen ekarpena aitortu eta indartzeko asmoz.

Ikerketaren abiapuntua iazko irailean dago. Orduan, Andoaingo Burdina taldeko hainbat kidek «Miserikordia zaharra» izenez ezagutzen den eraikinaren hondakinak bisitatu zituzten. Ondare historikoa berreskuratzen adituak direnez, laster ohartu ziren eraikinaren historia ez zegoela idatzita ezta behar bezala dokumentatuta. Hori dela eta, Udal Artxiboko dokumentazioa, zein Gipuzkoako Artxibo Orokorreko funtsak eta garaiko prentsa aztertzen hasi ziren.

Koleraren izua eta trenaren etorrera Tolosara

Sei hilabeteko ikerketak datu historiko esanguratsuak azaleratu ditu. Eraikina 1866an altxatu zuen Miserikordia Etxeak, garai hartan Tolosan zegoen kezka sanitario handiari erantzuteko. Hamarkada bat lehenago, kolera izurriteak 300 hildako baino gehiago eragin zituen herrian; horietatik ehun inguru Miserikordian bertan hil ziren. Gainera, 1863an Tolosara trena iritsi izanak gaixotasun infekziosoak hedatzeko beldurra areagotu zuen.

Uzturreko erietxea eraikitzeak 12.020 errealeko kostua izan zuen. Bi urte lehenago abereentzat eraikitako borda bat egokitu zuten eta horretarako Pisuaga iturburuko uraz baliatu ziren.

Hasiera batean sendategi gisa sortu bazen ere, urteek aurrera egin ahala baserri izaera hartu zuen. Aldaketa hori bereziki nabarmendu zen 1920an, Miserikordiaren egoitza nagusia Arrameletik Iurreamendira lekualdatu zutenean.

Testigantzak eta boluntarioei aitortza

Ikerketa berriak Elduaien-Ugartemendia familiaren testigantza ere jasotzen du. Tolosan oso ezaguna den familia hau sendategi-baserrian bizi izan zen 1942 eta 1964 urteen artean, nahiz eta herritar askok datu hori ez ezagutu.

Lanaren lehen aleak eraikinaren berreskurapenean lanean aritu diren boluntarioek jaso dituzte: Santi Solerrek, Miguel Angel Bermudezek, Nikasio Aranak eta Iñaki Elduaienek —sendategi-baserrian bizi izan zen familiako anaia gazteenak—.

Lan historiko hau Udalak ingurunean abian dituen beste proiektu batzuekin bat dator. Horien artean daude baso autoktonoa berreskuratzea eta eremua klima-babesleku gisa egokitzea, Pisuaga errekako bainu gunea barne.

Ikerketa material grafiko askorekin osatu da, eta euskaraz zein gazteleraz irakur daiteke esteka honetan.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA