Ospitale publikoaren auzia

Osasun Sailak ospitale publiko berria eraikitzeko partzelaren lagapena eskatuko dio Tolosako Udalari

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 29a

Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Alberto Martinez sailburuak Eusko Legebiltzarrean defendatu du etorkizuneko ospitaleak Tolosaldeko osasun-arreta zerbitzu gehiagorekin hobetuko duela, Donostiarekiko koordinazio hobearekin eta asistentziaren kalitate handiagoarekin.

Osasun Sailak Tolosako ospitale publiko berria eraikitzeko partzelaren lagapena eskatuko dio Tolosako Udalari datorren astean. Gainera, proiektuaren idazketa esleituko du aste gutxi barru. Hori azaldu du gaur Osasuneko sailburu den  Alberto Martínezek Eusko Legebiltzarrean, eta adierazi du, zentro berri hori “eraikitzen ari den errealitatea da dagoeneko”.

Martinezek aipatu du etorkizuneko ospitaleak nabarmenki hobetuko duela Tolosaldeko osasun-arreta. Azpimarratu duenez, ez da bat-bateko erabakia, Osasun Saila 2024ko irailaz geroztik eskualdeko eta Donostiako alkateekin, gizarte-eragileekin, plataformekin eta osasun-arloko profesionalekin batera egiten ari den azterketa- eta entzute-prozesu zorrotz baten emaitza baizik.

Azaldu duenez, ospitale berria ondorio partekatu batetik sortu da: Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du, baina baita sare zabalago batean integratutako zentro bat ere, ahalik eta arretarik onena bermatzeko. Horregatik, ospitalea Donostialdeko ESIarekin eta bertako konplexutasun handiko zerbitzuekin eta profesional espezialistekin konektatuta egongo da.

Sailburuak adierazi du integrazio horrek osasun-emaitzak hobetu, bikoiztasunak murriztu, koordinazio-arazoak saihestu eta arreta seguruagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko duela.

Tolosako Ospitale Publikoak erabakimen handiko kanpo-kontsultak, erresonantzia magnetiko propioa, ebakuntza-gelak, ospitalizazioa, endoskopiak, larrialdiak eta hainbat prozedura diagnostikotarako gelak eskainiko ditu. Planak 77 ohe (90era bitarte gehitu ahal izango dira, etorkizuneko beharren arabera), 4 ebakuntza-gela, urtean 3.600 kirurgia baino gehiago, 3.000 endoskopia inguru eta Gipuzkoarako teknologia diagnostiko aurreratua aurreikusten ditu.

Espezialitate ugari ere eskainiko ditu, hala nola digestio-arloa, kardiologia, neurologia, traumatologia, ginekologia eta maiz erabiltzen diren beste laguntza-arlo batzuk. Sailburuak defendatu duenez, horri esker “zerbitzu gehiago, hurbilago eta Osakidetzaren estandarrekin” eskaini ahal izango dira.

Hobekuntza-neurriak Tolosaldean

Proiektuak aurrera egin ahala, Osasun Saila dagoeneko hobekuntza-neurriak aplikatzen ari da inguruan. Haien artean, barne-medikuntza indartzea, asistentzia anbulatorioa hobetzea, pazienteak Donostialdeko zirkuituetan integratzea eta profil profesional berriak sartzea.

Sailburuak gogorarazi du, halaber, proiektuak plan funtzional asistentzial bat duela, profesionalek onartu dutena, eta lanaren zati bat dagoeneko abian dela, Tolosaldeko eta Donostialdeko ESIetako taldeekin. Gainera, proiektua idazteko 2026an onartutako aurrekontu-partida bat dago, eta, hiri-antolamenduko plan orokorra aldatu ondoren, partzela bat aurreikusi da.

 “Hori ez da promesa bat; errealitatea eta hasitako bidea da”, laburbildu du Martínezek Legebiltzarrean eskaini duen hitzaldian. Amaitzeko adierazi duenez, helburua Tolosaldeko herritarrentzat arreta hurbilagoa, integratuagoa eta kalitate handiagokoa bermatzea da.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA