Tolosako Udalak, tokiko eragileekin elkarlanean, Bertako Haragien Azoka antolatu du maiatzaren 7tik 10era bitartean. Lau egunetan, herriko kale eta plazak jarduera gastronomiko eta kulturalez eta parte hartzeko jarduerez beteko dira, eta helburua da bertako haragien balioa, kalitatea eta tradizioa herritarrengana hurbiltzea. Azokaren egitarauak adin guztietarako proposamenak bilduko ditu: sukaldaritza tailerrak, lehiaketak, dastaketak eta zuzeneko musika, besteak beste. Izen ematea zabalik dago haragi gisatuaren lehiaketarako eta parrila ikastarorako.
Aurten ere, haurrak azoka eta sukaldaritza mundura gerturatu nahian, haragi gisatuaren lehiaketan haur batek eta heldu batek osatutako bikoteek hartuko dute parte. Hamar parte-hartzaile izango dira guztira. Izen emateen kopurua gaindituko balitz, zozketa bidez esleituko dira lekuak. Maiatzaren 4a baino lehen egin behar da izen ematea.
Parte hartzaileak 09:15ean elkartuko dira Trianguloa plazan. Lan egingo duten tokian jarriko dira, material guztia dutela baieztatzeko. Ondoren, 09:30ean, lehiaketa hasiko da, eta haragiaz gain beharko dituzten osagaien zerrenda jasoko dute, diru kopuru batekin batera, Zerkausian erosketak egiteko. Ordu erdi izango dute horretarako. Haragi gisatua prestatzen 10:00etan hasiko dira, eta 12:00ak arte arituko dira. Epaimahaia Casino eta Txinparta elkarteetako kide banak eta Garikoitz Agirre sukaldariak osatuko dute. Sari banaketa 13:30ean hasiko da. Lehenengoak AMA jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko du; bigarrenak, Casa Julian jatetxean bi lagunentzako otordua; hirugarrenak, Iriarte jatetxean bi lagunentzako otordua.
Bestalde, ‘Harategitik Parrilara’ ikastaroa izango da 17:50ean, Jo topagunean elkartuta, Kale Nagusian. Parte hartzaileak hiru taldetan banatuko dira, eta horietako bakoitzari adieraziko zaio zein izango duen bere ibilbidea, harategia eta elkartea. Harategi bakoitzean, pieza nola aukeratu eta nola prestatu azalduko zaie. Elkarte bakoitzean parrillak eta suak prest egonik, erositako produktuak prestatu eta dastatuko dira: oilasko izterra, txerri burualdea eta txekor saiheskia.
Parte hartzaileen taldeetatik bi talde herritar guztiei irekiak izango dira, eta beste bat Azoka Lagunei zuzendutakoa. Lehen bietarako izen-ematea zabalik da udalaren webgunean; Azoka Lagunena, berriz, Azoka Lagunei bidaltzen zaien buletinaren bidez zabalduko da.
EGITARAUA
Osteguna, maiatzak 7
17:50. Jo Topagunean elkartuta (Kale Nagusia): Haragia parrilan egiten ikasteko tailerra.
Parte hartzaileak hiru taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzari adieraziko zaio zein izango den bere ibilbidea, harategia eta elkartea. Harategi bakoitzean, pieza nola aukeratu eta nola prestatu azalduko zaie. Elkarte bakoitzean, parrillak eta suak prest egonik, erositako produktuak egin eta dastatuko dira: oilasko izterra, txerri burualdea eta txekor saiheskia. Parte hartzaileen taldeetatik bi talde herritar guztiei irekiak izango dira, eta beste bat Azoka Lagunei zuzendutakoa. Lehen bietarako izen-ematea zabalik da udalaren webgunean, maiatzaren 3ra bitarte.
Ostirala, maiatzak 8
18.00-00:00. Zumarditxikia: Foodtruckak eta kontzertuak.
19:00: Eider
21:30: Bisai
23:00: DJ Obrium
Larunbata, maiatzak 9
09:00-14:00. Trianguloa plaza: bertako haragi ekoizleen azoka eta dastaketak.
Azoka berezia bi posturen parte hartzearekin.
Ueta etxaldea —txekor haragia— Lizartza
Aralar’eko —moxal haragia— Amezketa
Txomin Parrilaren eskutik erreketak izango dira, eta 11:00etatik aurrera pintxo eran jan ahal izango dira arkumea burruntzian eta zikiroan, behi-pikaña, saiheskia eta txuleta-txorizoa.
09:30-13:30. Trianguloa plaza: Haragi gisatuaren lehiaketa.
Haur batek eta heldu batek osatutako bikoteentzat, 10 bikote parte hartzaile, maiatzaren 4ra bitarte.
09:15: Elkartu, lana egingo duten tokian jarri eta materiala jaso.
09:30: Lehiaketaren hasiera. Osagaiak erostera joango dira azokara.
10:00-12:00: Haragi-gisatua kozinatzeko denbora.
12:30: Epaimahaiaren dastaketaren hasiera.
13:30: Sari banaketa
12:00-00:00. Zumarditxikia: foodtruckak eta kontzertuak.
13:00: Marabiyak (Trianguloan hasita)
19:00: Argazki bat behelainoan
21:30: Jo&Swissknife
23:00: La Jamba
Igandea, maiatzak 10
12.00-16:00. Zumarditxikia: foodtruckak eta kontzertuak.
13:00: Les Cuisiniers
Foodtruck guneko parte hartzaileak:
Harakno, Carnicas Goya, Basque Truck, Ondalan, Iparra Beer, Ozkape eta Metxa Gastrotruck.