Tolosako Udalak bat egin du lesbianen ikusgarritasunaren aldeko adierazpenarekin

Erredakzioa 2026ko apirilaren 24a

Tolosako Udalak bat egin du lesbianen ikusgarritasunaren aldeko adierazpenarekin.

Apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, oraindik ere beharrezkoa da lesbianen ikusgarritasunaren aldeko adierazpen argia egitea: gaur egun, oraindik ere, lesbiana asko ez dira ausartzen haien bizitzaren esparru guztietan lesbiana direla esatera.

Familia, lana, lagunartea edo aisialdirako guneak oraindik ere ez dira beti espazio seguruak lesbiana askorentzat. Sarritan, aurreiritziak edo ondorio negatiboak agertzen dira haien bizitzetan. Ikusezintasunak, gainera, kostu handia du: askotan, eskubideak modu libre eta berdinean baliatzea eragozten du.

Zertarako balio du eskubideak izateak, eskubide horiek baliatzeko baldintzak betetzen ez badira? Zergatik dirudi, oraindik ere, LGTBIQ+ pertsonek eta, kasu honetan, emakume lesbianek dutela haien burua agerian jarri beharraren ardura?

Herritar guztien eskubideen aldeko borroka erantzukizun kolektiboa da. Gizarte anitza eta irekia eraikitzea dagokigu, sexu- eta genero-aniztasuna errespetatuko duen gizartea. Pertsona guztiek eskubide berak izan behar dituzte aitortuta, eta, gainera, eskubide horiek askatasunez eta beldurrik gabe baliatzeko aukera erreala izan behar dute. Hori guztion ardura da.

Gizarte osoari dagokio, halaber, lesbofobiari eta lesbianek jasaten dituzten diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiei aurre egitea. Adinekoek, gazteek, migratuek, aniztasun psikikoa dutenek, kalteberatasun-egoeran daudenek eta abarrek oso zaila izango dute haien eskubideez baldintza berdinetan gozatzea, baldin eta ez badira beharrezko baldintzak betetzen.

Gaur, lesbiana guztiak aldarrikatu nahi ditugu, bai ikusgarri direnak, bai ez direnak. Era berean, euskal gizarte osoari —pertsonei, elkarteei, kolektiboei, erakundeei eta organismoei— dei egiten diegu elkarrekin lan egin dezagun, lesbiana bakar batek ere ez dezan pentsa ez duela merezi ikusgarri izateak.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA