Uzturre Foroak bere seigarren ekitaldia egingo du apirilaren 22an. Hizlari gonbidatua, kasu honetan, Manuela Carmena izango da. Esperientzia publiko luzeko pertsona da, aski ezaguna, erreferente batean bihurtu dena. Abokatu laboralista eta 1977ko Atochako sarraskia pairatu zuen bulego laboralistaren sortzaileetako bat. Espetxe-zaintzako epailea eta Madrilgo Espetxeratuen Zaintzako 1 zenbakiko Epaitegiko titularra izan zen. 1993an Madrilgo epaile dekano izendatu zuten.
1996an Senatuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal izendatu zuen. “Jueces para la Democracia” elkarte aurrerakoiaren sorreran parte hartu zuen. Nazioartean, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioari buruzko Lantaldeko presidente-kontalaria izan zen. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu zen biktimen eta giza eskubideen arloan. 2015 eta 2019 artean Madrilgo alkate izan zen.
Gaur egun, konpromiso handia du Zapatelas elkartean, Carmenak berak sortutako irabazi asmorik gabeko elkartean. Horren helburua gizarte-bazterkeriari aurre egitea da, ehungintzaren sektorean lan-aukerak sortuz kalteberatasun- edo langabezia-egoeran dauden pertsonentzat, erdi-askatasuneko erregimenean dauden presoak barne. Hainbat produktu egiten dituzte, hala nola zapatilak, panpinak, jostailuak eta arropa.
Topaketa apirilaren 22an, asteazkena, 19:00etan, Tolosako Topic aretoan izango da. Hitzaldiaren izenburua honako hau izango da: "Larritasunaren aurrean erronkak". Gai ugariri buruzko gogoetak entzuteko aukera eskainiko du, nazioarteko egoera geopolitiko nahaspilatutik hasi eta Estatuko errealitate korapilatsuraino, hain esperientzia luzea duen pertsona baten giza eta bizi-dimentsioa alde batera utzi gabe. Manuela Carmenarekin egingo den topaketak elkarrizketa formatua izango du, galdera eta erantzunekin, eta Tolosaldeko Jaime Otamendi kazetariak gidatuko du. Sarrera librea izango da aforoa bete bitarte.