Liztor asiarraren aurkako tranpatze-kanpaina abiatu du Tolosako Udalak aurten ere

Maialen Bastarrika Luengo 2026ko apirilaren 9a

Argazkia: Tolosako Udala

Eragin handiko esparrua denez, lehentasunezko esku-hartzea egingo dute Tolosan, Zizurkilen eta Anoetan.

Vespa velutina edo liztor asiarraren tranpatze-kanpaina martxan jarri du Tolosako Udalak beste behin. Kanpainaren helburua liztor asiarra kontrolatzea da, eta hori lortzeko 90 tranpa inguru jarri dituzte herrian. Sei astez egongo da martxan kanpaina, eta astero zenbatu eta erregistratuko dituzte tranpetan eroritako liztor asiarrak eta gainerako espezieak.

Tolosaldeko herrietako kanpaina bateratua elkarlanean sustatzen dute Tolomendik, Belarmendik eta Balerdipeko erleek. Elkarte hauen xedea da erreginak harrapatzea, hauek udako kolonia berriak sortzen hasi aurretik.

Eskualde osoan jarritako tranpak astean behin begiratuko dituzte, eta datuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuari bidaliko dizkiete.

Lehentasunezko esku-hartzea

Iazko kanpainan 5.560 liztor asiar erregina harrapatu ztuzten guztira Tolosaldeko 24 herritan. Tolosan, zehazki, 753 harrapatu zituzten, gainerako herrietan harrapatutakoaren hirukoitza.

Horretaz gain, inzidentzia handia erregistratu zuten Zizurkilen, Anoetan eta Lizartzan. Txikiagoa, bestalde, Gaztelun, Hernialden, Baliarrainen eta Orexan. Datu hauek kontuan izanik, lehentasunezko esku-hartzea egingo dute aurten Tolosan, Anoetan eta Zizurkilen.

Herritarren parte-hartzea

Kanpainaren arrakasta bermatzeko, herritarren parte-hartzea eta kontzientziazioa funtsezkoak direla azpimarratu dute sustatzaileek. Liztor asiarraren presentzia antzemanez gero, dagokion udalari edo zerbitzu espezializatuari jakinarazi behar zaio, espeziearen kontrola modu koordinatuan egin ahal izateko.

Era berean, gogorarazi dute tranpak egoki erabiltzea eta bertako espezieei ahalik eta kalte gutxien eragitea dela helburua, biodibertsitatearen babesa bermatuz.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA