Hilabetez luzatu da Arrillaga plazako garajeak eskatzeko epea

Maider Navarro Alustiza 2026ko martxoaren 26a

Tolosako Udalak aldaketa bat egin du Arramele auzoko Arrillaga plazan dauden hamar urterako aparkaleku-plazen emakida prozeduran. Eskaerak aurkezteko azken eguna apirilaren 25a izango da.

Prozesua urtarrilaren amaieran hasi zen, baina herritar batek birjarpen-errekurtsoa aurkeztu zuen emakidako puntu baten aurka. Azterketa juridikoa egin ondoren, Udalak arrazoia eman dio herritarrari.

Jatorrizko pleguan esaten zen eskatzaileak ezin zuela beste garajerik izan Tolosan, salbu eta garaje hori bere etxebizitzari lotutako erregistro-finka bera balitz (babes ofizialeko etxebizitzetan gertatu ohi den bezala). Ebazpenak dioenez, baldintza hori diskriminatzailea zen etxebizitza libreen jabeen kontra, kasu horietan garajeak finka erregistral independente gisa agertu ohi direlako.

Baldintza berria honakoa da: Eskatzailearen etxebizitzan bizi diren guztien artean, gehienez garaje bat izan ahalko dute Tolosako udalerrian (udal-aparkaleku publiko baten titularrak direnak salbu). Beste garaje baten jabe izanez gero, hori egiaztatu beharko da Jabetza Erregistroko ohar baten bidez.

Epe berriak eta giltza itzulera

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da zuzenketa, eta epeak honela geratu dira:

  • Eskaerak egiteko azken eguna: 2026ko apirilaren 25a.
  • Gaur egungo erabiltzaileak: Giltzak entregatzeko eta ibilgailuak ateratzeko epea ere luzatu da; azken eguna apirilaren 17a izango da.

Behin apirilaren 25eko epea igarota, Udalak aurrez finkatutako esleipen-prozedurarekin jarraituko du aparkaleku-plazak banatzeko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA