Aldaba Zahar Elkarteak saria

Erredakzioa 2026ko martxoaren 6a

Aldaba Zahar Elkarteak "urteetako ibilbideari" saria irabazi du Landaola sarietan.

Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin
nahian, Landaola Federazioak IX. Landaola Sariak ospatu ditu Mendaroko San Agustin kulturgunean.

Lau sari eman dira bertan: Erakunde Pribatuaren saria,
BIZI-IRAUN, Oiartzungo Baserritar Elkarteak irabazi du. Erakunde Publikoaren saria, ITSASO HERRIA, “Sindikatoa” Herri dendak eraman du. Emakumeak Landa Eremuan saria, Maitane Beristainek lortu du eta Urteetako ibilbideari saria berriz, eskualdeko Aldaba Zahar Elkarteak.

Aldaba Zahar ustiategia, urte luzez Xabier Almandozen gidaritzapean, ez da ekoizpen hutsera mugatu; izan ere, ustiategi txiki baten bideragarritasuna, tokiko elikadura- katearen sendotzea eta gizartean nekazariaren lana berriro ere balioan jartzea uztartu ditu. Horregatik, nekazaritza eredu aurrerakoiaren eta konprometituaren adibide argia izan da Tolosaldean. Artean, intentsifikazio-eredua nagusi zen garaian hasi zen Aldaba Zaharreko proiektua, eta eskala txikiko, gertuko eta lurraldearekiko lotutako planteamendua jarri zuten erdigunean. Tokiko merkatuari eta harreman zuzenari lehentasuna ematea zen helburua, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko lotura zuzenak sendotuz.

Ustiategiak, gainera, nekazaritza ekintza ekonomikoa ez ezik, ekintza soziala eta politikoa ere badela erakutsi du, ibilbidean zehar landa ingurunearen biziraupena, elikadura-burujabetza eta lurraren zaintza aldarrikatu baititu. Ikuspegi horiek eragin zuzena izan zuten inguruko ekoizleengan eta Tolosako kontsumo ereduaren inguruko eztabaidetan. Hori dela eta, gaur egun normalizatuagoak diren planteamendu askoren aitzindari isila izan da Aldaba Zahar Elkartea.

Proiektua, gainera, kanpotik etorritako gazteen ekimen kolektiboaren emaitza da. Hiritik landara egindako jauzi kontziente baten bidez, nekazaritza-eredu familiar tradizionalarekin hautsi eta nekazaritza eta ekologia balio zentral gisa zituen proiektua martxan jarri zuten, komuna moduan antolatuta eta sektorearekiko konpromiso argiarekin. Horregatik, Biolur Elkarteko kide aktiboak izan dira, Manttangorri proiektuaren sustatzaileak eta, urte luzez, Tolomendiko batzordearen parte.

Sarietako hautagaien  artean eskualdeko Soronea  (erakunde pribatuaren hautagaia) eta  Saiaz Mankomunitatea (erakunde publikoaren hautagaia) ere egon dira.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA