Tolosako Udalaren Martxoak 8ko adierazpen instituzionala

Erredakzioa 2026ko martxoaren 8a

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duten konpromisoa irmoki berretsi nahi izan dute. 

Hauxe da adierazpena:

"Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.

Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu .

Diskurtso ukatzaileetatik haratago, feminismoa urrunegi joan dela defendatzen dute ahots erreakzionarioek. Nola esan daiteke feminismoa urrunegi joan dela oraindik ere soldata-arrakala, sektore feminizatuen prekarizazioa edota erailketa matxistak pairatzen ditugunean? Horrek erakusten du desberdintasunak eta egiturazko botere-harremanak desagerrarazteko borrokan jarraitu behar dugula. Diskurtso horiek benetako ondorioak dituzte eta historiak gogorarazten digu eskubideetan atzerakadak ez direla modu malkartsuan hasten, baizik eta gorrotoaren diskurtsoa normalizatuz, desinformatuz eta berdintasuna eta giza duintasuna bezalako oinarrizko printzipioak zalantzan jarriz. Horregatik, gure betebehar instituzionala da erantzukizunez jokatzea.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Horregatik, Tolosako Udalak konpromiso hauek berresten ditu:

  • Indarkeria matxista jasan dute biktimen arreta onbideratzeko Erakundeen Arteko II. protokoloa aurkeztea.
  • Ildo beretik, udal eraikin publikoetan arreta- eta koordinazio-protokoloak sortzea.
  • Ikasteko eta ahalduntzeko espazioak antolatzen jarraitzea eta era berean, botere-espazioak partekatzea, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin, emakumeen presentzia bermatzeko.
  • Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea sustatzen jarraitzea eta horrekin batera, Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
  • Zaintza arloan abiatutako prozesuan aurrerapausoak ematen jarraitzea.
  • Tolosako Udalean genero ikuspegia txertatzeko beharreko arauak, administrazio-egintzak eta plan sektorialak eta estrategikoak egitea.

Halaber, dei egiten diegu herritarrei bat egin dezaten Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Egunean egingo den manifestazioarekin; ‘Beste mundu bat feminismotik. Frente a los sistemas de dominación: lucha y organización’ lelopean, 19:00etan abiatuko da Trianguloa plazatik.

Horrez gain, herritarrak animatu nahi ditugu ‘Tolosako kale izendegia osatu dezagun: emakumeak ikustarazten’ kanpainan parte hartu dezaten. Herri askotan gertatzen den bezala, Tolosako kale-izendegiak genero arrakala nabaria erakusten du. Persona zehatz baten izenak dituzten kaleen kasuan, esaterako, agerikoa da desoreka: hamabost gizon eta emakume bat.

Beraz, kaleei, plazei edo zubiei emakumeen izenak, emakumeek betetako lan eta lanbideen izenak, emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapen egunen izenak... proposatzeko deia egiten diegu herritarrei. Martxoaren 8tik 30era Erabaki plataformaren bidez.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA