Herri zaintzaile bihurtzeko prozesuan urrats bat gehiago eman du Tolosak

Erredakzioa 2026ko otsailaren 23a

2025. urtean landu zen diagnostikoaren ondorioetatik abiatuta, Tolosako I. Zaintza Plana sortzea da helburua, zaintzaren arloan lan egiten duten eragileekin koordinazio egitura bat sortzearekin batera. 


Ikuspegi parte-hartzailetik egin nahi da prozesu hori, zaintzaren ekosistema osatzen duten eragileak batuz. Tolosak komunitate indartsua du, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzen duten eragile askorekin, zaintzak ere kezka iturri dituztenak. Hala ere, egungo gizarte aldaketa sakonek eta zaintza esparruan antzematen diren jardun desegokiek gizarte eragile publiko, komunitario eta ekonomikoen arteko estrategia bateratua eskatzen dute.

Saretze hori landu eta aurrera begira oinarri bat sortzeko, Zaintza Diagnostikoak zehazten dituen hiru esparruetako bakoitzeko bi saio egingo dira Kultur Etxeko Topagunean, elkar entzuteko eta hausnarketa partekatzeko.  

Alde batetik, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintzari buruzkoa, apirilaren 13an, 10:00-12:00 bitarte.

Bestetik, haur eta nerabeen zaintzari buruzko 1. Lan saioa, martxoaren 2an, 17:00-19:00 bitarte izango da eta 2. Lan saioa, apirilaren 20an, 17:00-19:00 bitarte. Azken hau, Kultur Etxeko Areto Nagusian izango da.

Azkenik, zaintzaileen zaintzari buruzko 1. Lan saioa, martxoaren 9an izango da 17:00-19:00 bitarte eta 2. Lan saioa berriz, apirilaren 27an, 17:00-19:00 bitarte.

Zaintzaren alorreko profesional, elkarte, boluntario eta erakundeez gain, interesa duten norbanako orok ere parte hartu ahal izango du saioetan. Izena emateko hiru bide daude: udal webgunean galdetegi hau betez: https://izenematea.tolosa.eus/453-2/?form_id=76 , gobernantza@tolosa.eus helbidera idatziz edo 943 65 44 66 telenora deituz (121 luzapena). Saio guztiak euskaraz izango dira, baina guztietan izango da gaztelaniara itzulpena.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA