Gabonak 2025

Gabonetarako prest da Tolosa

Erredakzioa 2025eko abenduaren 11

50 ekintza baino gehiago izango dira: musika, zinea, haurren aisialdirako hitzorduak, kirol ekitaldiak eta ekintza solidarioak, besteak beste. 

Tolosako Udalak eta eta herriko eragile desberdinek Gabonetarako antolatutako hitzordu sortaren berri eman dute.  

Olentzeroren eta Mari Domingiren, eta Erregeen etorrera 

Abenduaren 24ean, San Esteban auzoan Gure Zirkuak duen karpan Olentzerorekin eta Mari Domingirekin egoteko aukera  izango da, 10:30etik 13:30era. 
Arratsaldean berriz, kalejira 18:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik eta honako ibilbide hau jarraituko du: Zerkausia, Korreo kalea, Gorriti plaza, Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua, Geltoki kaleraino.  Kalejiran Tolosako Udal Musika Bandak parte hartuko du, lehenengoz. Ondoren, bere ohiko kalejira egingo du, 19:30etik aurrera, Gorriti plazatik.

Urtarrilaren 5ean ere, antzeko egitura izango dute harrerek. Goizean, zirkuko karpan egongo dira Erregeak, laguntzaileekin. Gozokiak ere banatuko dituzte. 
Arratsaldeko kabalgata 18:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik, eta abenduaren 24ko ibilbide bera izango du. 

Gabonetako Azoka Berezia

Abenduaren 20an, gabonetako ezohiko azoka egingo da, artisau ugariren parte hartzearekin. Aurten, nobedade bat izango da, Tolosa&Co-ko saltokiak ere gehituko baitira. ‘Denden azoka’ egingo dute: beren produktuak denden atarietara aterako dituzte egun osoan zehar, 20:30ak arte. 

Elkartasunarekin lotutako ekintzak

Ekintza solidarioak ere izango dira egunotan. Larunbat honetan, esaterako, hilak 13, Herrikide ikastetxeko ikasleek eta Kirikiño Aisialdi Taldeko kideek janari eta produktuak bilduko dituzte, goizean eta arratsaldean, herriko supermerkatuen atarietan, Caritas elkartearentzat.

Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolak ere egingo du kontzertu solidarioa. Abenduaren 19an, ostirala, izango da, 18:30ean Topicen, ikasle talde ugariren parte hartzearekin. Sarrerek 5 euroko salneurria izango dute, eta bildutako dirua Palestinaren alde lan egiten duen UNRWA elkartera bideratuko da.

Urtea korrika amaitzeko aukera ere izango da beste urte batez. Samaniego eta Orixe ikastetxe publikoek antolatuko dute elkartasun krosa. 
Laskorain Ikastolaren urteroko gabonetako merkatu txikiak ere ez du hutsik egingo. Kultur etxeko aretoan kokatuko da, abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra —jaiegunetan izan ezik—. Irabaziak Tolosaldea Sahararekin, Zutani eta Ibarratik Misio Taldearentzat izango dira.

Kontzertuak, zinea, umorea...

Kultur jarduerak ere izango dira: Hodeiertz eta Lask abesbatzen, Isidro Larrañaga musika eskolako taldeen, eta Tolosako Udal Txistulari eta Musika Banden kontzertuak; haurrentzako eta helduentzako zine emanaldiak; eta magia, antzerki eta musika ikuskizunak ere izango izango dira Leidor eta Topic antzokietan. 

Gure Zirkuak ere herrian igaroko ditu gabonak, eta bederatzi egunetan emanaldiak eskainiko ditu. Zirkuko saioez gain, ‘Gure umorea’ komedia jaialdia ere hartuko du zirkuko karpak, abenduaren 23an, Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta. Nerea Arriola, Julen Portillo, Kike Amonarriz, Antton Telleria eta Jone Bengoak parte hartuko dute.

Haur eta nerabeentzako ekintza gehiago

Ohikoa den eran, Gazte Topaguneak Gazte Astea antolatu du. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra egitarau berezia osatu dute, irteera, tailer, zine saio, txapelketa eta festa banarekin. Izen ematea Topagunean bertan egin beharko da, igandea, hilak 14, baino lehen.

Txikienek ere izango dute gozatzeko aukera. Gabonetako haur parkea izango da Zerkausian hilaren 28tik 30era. 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 tarteetan izango da zabalik.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA