Europako Kontseiluak berak gonbidatuta, izan dira Estrasburgon Andu Martinez de Rituerto alkatea eta Garikoitz Lekuona, Komunitatea eta Gobernantzako arduradun teknikoa. Martinez de Rituertok mahai inguru batean parte hartu du, Zviahel (Ukraina) eta Mostar (Bosnia eta Herzegovina) hirietako ordezkariekin batera. Demokraziaren arriskuen aurrean, deliberazio bidezko esperientziek ematen dituzten aukeren inguruan aritu dira.
Zehazki Tolosako Herritarren Batzarraren esperientzia kontatu du, bertan balioa eman dio prozesuak hasieratik, 2021etik, izan zuen erabateko adostasun politikoari, eta tartean gobernu aldaketa izan arren, eman zaion segidari.
Prozesuaren ondorioetan ere sakondu du alkateak. Azpimarratu du, EHUk prozesuari buruz egindako ebaluazioan parte hartzaileen ahalduntzea eta konfiantza mailaren gorakada direla ondoriorik agerikoenak. «Sentitu dute entzunak izan direla, eta gaitasun handiagoa dutela udal politiketan ekarpenak egiteko». Barne-mailan ere nabaritu dela nabarmendu du: «Eskari eta proposamenak kontuan hartzen dituzte departamentuetako teknikariek, beren lanketetan ikuspegi hori txertatzea lortu da.