ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka berezia azaroaren 8an izango da Tolosan. Azoka honen helburua da euskal esnekigintzaren aniztasuna eta kalitatea erakustea, sektorearen ikusgarritasuna handitzeko eta ekoizleei bultzada emate asmotan.
Aurten, Euskal Herriko esne, gazta eta jogurt lehiaketaren laugarren edizioa ospatuko da. 38 gaztandegiren 86 erreferentziak baino gehiagok hartuko dute parte. 111 erreferentzia aurkeztu ziren hasiera batean, baina kategoria batzuetan ez denez gutxieneko izen-ematerik izan, ezingo dute lehiatu azkenean. Esne erosleetan gertatu da hori: ez da lehiaketarik izango inongo mailetan. Hori horrela, lehiaketa zortzi kategoriatan banatuko da.
Haurrentzako jarduera berriak
Haurrei bideratutako lantegi berriak antolatu dituzte aurtengoan: "Esnetan". Larunbatean egingo dira jarduera hauek, Artxibo parean. Bertan, behia jezteko simulagailua eta gazta freskoa egiteko tailerrak izango dira, aurrez izenik eman behar izanik gabe.
Beste berrikuntza bat ere izango da. Astean zehar, saio pedagogikoa egingo dira esnekigileen elkartearekin eta herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean. Esnearen jatorria eta ekoizpena ezagutzera eramatea izango du helburu elkarlan honek. Guzti hau, gosari eta esnekien dastaketa bidez egingo dute tokiko esnekigileek gidatuta.
Frisoi txapelketarik ez
Joan den ostiralean aurreratu moduan, aurten ez da Frisoi txapelketa egingo, DNC gaitzaren aurrean hartu diren prebentzio-neurrien ondorioz.