Tolosa Goxuaren aurkezpena egin da

Imanol Rodriguez Zabala 2025ko urr. 17a, 12:25

Tolosa Goxuaren azokako protagonista nagusiak Eztia eta Abaraska gaileta izango dira aurten.

Urriaren 25ean, larunbatean, izango da Goxuaren 30. edizioa Triangulo plazan 9:00etatik 14:00etara. Aurten gozogileak eta erlezainak elkarlanean arituko dira eta erlezaintzarekin lotutako hainbat ekitaldi izango dira. 

10:00etatik 12:00etara, ikasle, gozogin eta erlezainak Abaraska ezizenaz ezagutzen den gaileta bat prestatuko dute aurten. Tailer honetan herriko hiru ikastetxeetako haurrak parte hartuko dute eztiarekin egindako pasta hauek eginez.

Tailerra amaitzerakoan, 12:30ean ikasleek egindako Abaraskak bertaratu diren herritarren artean banatuko dituzte pasta hauek dastatu ditzaten. Ordu berean Tolosa kantari eta Udal txistulari Bandak musikaz girotuko du azoka.

Lehiaketei dagokionez, urtero legez egingo da sagar tarta lehiaketa. Lehiakideek 10:00etatik 11:00etara izango dute tartak aurkezteko epea, ondoren, eguerdiko 12:00etan, Elena Arzak, Nieves Soroa, Armintz Gorrotxategi eta Jon Sorarrainek osaturiko epaimahaiak lehiaren irabazlea ezagutaraziko du.

Aurten ere, eztia izango denez azokaren ardatza, Tolosaldeko XXVII. Ezti Lehiaketa hartuko du Tolosak. Lehia honen sari banaketa 11:45ean izango da.

 

 

 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA