Igandean, urriak 12, Tolosako XXXVII. Herri-Krosa egingo da, San Esteban auzoko Ttonttor auzotarren elkarteak antolatuta, baita X. Txiki Krosa ere.
11:00etan abiatuko dira korrikalariak, eta proba hasten denetik, pasatzen diren arte, ibilbideko zenbait punturen inguruan trafikoa erabat moztuko dute. Hauxe da ibilbidea: Irteera San Estebanen, ferialekuaren parean; Gernikako Arbola lorategiak, San Frantzisko pasealekua, Pedro Tolosa pasealekua, Martin Jose Iraola kalea, Paper kalea, Iurramendi pasealekua (ibaiaren albotik), Usabal kiroldegiko multikiroleko gunea (bidegorritik), Olarrain auzoa, Araba etorbidea, Alliri eta San Esteban. Korrikalariak pasa ahala zabalduko da berriro ere errepidea.
Dena dela, trafikoa erabat ez gelditzeko, lasterketak irauten duen arte, Foruen etorbideko norantza aldatuko dute, San Frantziskon gora egiten dutenei aterabidea emateko. Zubi berria zeharkatzen dutenek, berriz, Zumalakarregitik joan beharko dute.