Irailaren 11n hasiko da Leidor Aretoaren ohiko zine programazioa

Erredakzioa 2025ko ira. 4a, 17:26

Leidor Aretoak berrikuntza txiki baina esanguratsuekin ekingo dio ikasturteari, herritarren iritziak kontuan hartuta eta euskal zinemaren presentzia sendotuz.

Leidor Aretoak prest du ikasturte berriko programazioa, eta irailaren 11n emango dio hasiera. Guztira 12 film eta dokumental bat eskainiko dira lehen zikloan.

Ohiko moduan, zine bonuak izango dira eskuragai Leidorreko leihatilan eta leidorantzokia.janto.es webgunean. 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak aukeratu daitezke, eta guztiak urtea amaitu aurretik erabili beharko dira.

Inkestaren emaitzetan oinarritutako eskaintza

Ikasturte berria diseinatzeko, Kultura Sailak kontuan hartu ditu ekainaren amaieran egindako asebetetze inkesten emaitzak. Guztira 115 pertsonak parte hartu zuten galdetegian, gehienak Leidorreko ohiko erabiltzaileak: erdiak astean behin baino gehiagotan joaten dira aretora, eta %27ak astean behin.

Inkestan argi utzi dute erabiltzaileek gehien baloratzen dutena zine bonua dela: erantzun dutenen %80k erosten du. Horrez gain, Zineforumaren ordutegia aztertu da; parte-hartzaileen %52k mantentzearen alde egin du, eta horregatik bere horretan geratuko da. Ordutegi orokorrari buruz, %70ak egokia dela adierazi du.

Dokumental berriak eta euskararen presentzia

Eskaintzari dagokionez, berrikuntza bat izango da aurrerantzean: hilero dokumental bat eskainiko da. Inkestetan, gehienek begi onez ikusi dute proposamena, eta gaiak anitzak izango diren arren, gizarte gaietan jarriko da arreta berezia. Gainera, ahal den neurrian, euskarazko filmak eta euskal zuzendarien lanak txertatuko dira programazioan.

Eskerrak eta hobetzeko proposamenak

Kultura Sailak eskerrak eman dizkie galdetegia erantzun duten herritarrei, informazio baliagarria eskaini baitute. Inkestetan hobetzeko proposamen gehiago ere jaso dira, eta horien bideragarritasuna aztertuko da etorkizunean.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA