Donostiako Klasikoa dela eta trafiko aldaketak Tolosan

Erredakzioa 2025ko uzt. 29a, 13:05

Larunbat goizean ezingo da aparkatu San Frantzisko, Rondilla eta Barrenan; Trafikoa erabat moztuko da 11:00etatik tropela pasa arte. 

Larunbat honetan, abuztuaren 2an, Donostiako Klasikoa txirrindulari proba ospetsua jokatuko da. Gipuzkoan barrena 211 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek eta, tartean, Tolosatik igaroko dira. Lasterketak eragina izango du herri barruko trafikoan.

Goizean zehar San Frantzisko pasealekuan, Rondilla kalean eta Barrena kalean  ezingo da aparkatu. Gainera, trafikoa eten egingo da ibilbidean zehar txirrindulariak iritsi baino bi ordu lehenago, gutxi gorabehera 11:00etan. Hau UCI mailako probetan eskatzen den segurtasun neurri bat da. Lasterketa igaro ahala zabalduko da berriro ere, eta ordutik aurrera aparkatu ahal izango da.

Autobus zerbitzuetan ere aldaketak izango dira. 11:00etatik 15:00etara bitartean, Hiribusa eta Lurraldebusen geralekuak ez dira erabilgarri egongo aipatutako kaleetan. Ordu tarte horretan, Santa Klara kalean egingo dituzte geldialdiak. 15:00etatik aurrera, berriz, ohiko kokalekuetan egingo dituzte.

Aurreikuspenen arabera, tropela 13:40 eta 13:55 artean iritsiko da Tolosara, Bidania-Goiaztik. Olarrain auzotik, Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea gurutzatuko ditu, hurrenkera horretan, eta Kale Barrenako saihesbidean Anoetarako bidea hartuko du.

Txirrindulari guztiak pasa arte, errepidea alde batetik bestera ez gurutzatzeko eskatu du Udaltzaingoak, ikusle eta kirolarien segurtasuna bermatzeko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA