Tolosako Asanblada Feministak irmoki salatu du Tolosan jazotako sexu erasoa

Erredakzioa 2025ko uzt. 10a, 11:14

Gizonezko batek adin txikiko bati behin eta berriro sexu erasoak egin izanaren harira, Tolosaldeko Mugimendu Feministako kideek idatzia plazaratu dute:

"Duela egun batzuk jakin dugu Tolosaldeko gizonezko bat atxilotu dutela adin txikiko bati behin eta berriro sexu erasoa egiteagatik.

Lehenik eta behin, Tolosaldeko Mugimendu Feministako kideok biktimari gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diogu, eta eraso hauen gaitzespena argi adierazi nahi dugu. Neska honen aurkako erasoa emakume guztion kontrako erasoa da.

Sexu esplotazioa giza eskubideen aurkako eraso larria da, eta beraz, jendarte osoaren erantzuna beharrezkoa da horiei aurre egiteko.

Gainera, kasu honetan, aintzat hartu behar da biktima adingabea dela eta horrek babesgabetasun eta zaurgarritasun maila handiagotzen duela.

Datuen arabera, Europan bost adingabetik bat sexu erasoen biktima da eta erasotzaileen gehiengoa familia inguruko "konfiantzazko gizonak" dira.

Eraso hau ezin da zoro batek egindako gertaera isolatutzat hartu. Erro estrukturala du, eta bizi garen sistema heteropatriarkal eta matxista honek babesten duen gertaera baten aurrean gaude.

Oraindik ere emakumeok egunerokoan jasaten ditugu eraso matxistak, eta indarkeria matxista hori ezinbestekoa da sistema honek biziraun dezan.

Gizarte osoari dei egiten diogu indarkeria matxista salatzeko, eta horri aurre egiteko neurriak hartzeko. Horrez gain, komunitate gisa sexu erasoak jasaten dituzten emakumeen erreparazioan urratsak emateko garaia dela iruditzen zaigu.

Tolosaldeko mugimendu feministako kideok erasoei aurre egiteko antolakuntza eta autodefentsa feministarako deia egiten dugu.

Sexu erasorik ez!

Tolosaldean, 2025eko uztailaren 10ean.".

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA