Bihar, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna izango da. Horren karietara, Tolosako Udalak azken urteotan herriko zenbait gune kerik gabeko gune izendatu ditu: 2022an Lizardi plaza, 2023an Alondegia plaza eta 2024ean Usabal kiroldegiaren ataria. Aurten, eta iaz egindako herri galdeketaren emaitza kontuan hartuta, Zerkausia izendatu da kerik gabeko gune, ume, nerabe zein helduek sarritan zeharkatzen duten espazioa delako. Gune horietan ez dago erretzea debekatuta, baina bertan ez erretzeko gomendioa egiten da.
Egitasmo horrekin, ingurune osasungarriak lortu eta tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea bilatzen da. Egitasmoak 2015eko Tolosaldea tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpainan du jatorria eta gaur egun Tolosako prebentzio mahaitik abiatuta, egitasmoa aurrera eramateko xede bera elkarbanatzen duten gizarteko zenbait eragileren arteko lantaldea sortu zen: Minbiziaren Aurka Gipuzkoa Elkarteko psikologoak, Osasun Publikoko teknikariak, Osakidetzako osasun-zentroko ordezkariak eta Tolosako Udaleko prebentzio teknikaria.
Urtero-urtero lanketa partekatua egiten da Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren inguruan eta hainbat jarduera antolatzen dira.
Gazteak, erdigunean
Kerik Gabeko Mundu Egunean, gazteak antolatutako egitasmoetan parte hartzea bilatzen da horiek direlako arrisku talde azpimarragarrienetako bat. Hori horrela, Tolosako DBHko hiru ikastetxeetan maiatzean eta ekainean zehar zenbait jarduera antolatu dira. Horien artean tabakoaren eta kannabisaren inguruko osasun-heziketa saioak edota tabako-kearen inguruko osasun heziketa.
Jarduera horiek borobildu asmoz, gazteak tabakorik gabeko gune izendatu berri den Zerkausian Marsel magoaren emanaldiaz gozatu ahal izan dute. Magoak, kearekin eta tabakoarekin lotutako magia egin du. Gainera, emanaldiaren ostean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatutako jolasean parte hartu ahal izan dute Tolosako 350 ikaslek baino gehiagok.
Minbiziaren Aurkako Elkarteak 2030ean kerik gabeko belaunaldi baten aldeko bere konpromisoa berresten du jarduera horien bitartez. Gainera, tabakorik eta aerosolik gabeko gune berriak sortzen jarraitzeko konpromisoa adieratzen du, herritar ororentzako ingurune seguruak bermatzeko.