Igandean jarriko da abian Usabal Kiroldegiko udako kanpaina

Olaia Garmendia Ancisar 2025eko maiatzaren 29a

Ekaina heltzearekin batera, udako eskaintza sartuko da indarrean Usabal kiroldegian. Igande honetatik aurrera, ekainak 1, kanpoko igerilekua ere zabalik izango da, irailaren 20ra bitarte.

Epealdi horretan, kiroldegiko ordutegia ere moldatuko da. Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 22:00etara bitarte izango da irekita; larunbat, igande eta jai egunetan, 08:00etatik 21:00etara. Kanpoko igerilekuaren kasuan, 10:00etatik 20:30erako ordutegia izango du. 

Egunotan kanpoko eremua prestatu eta atondu dute, iganderako prest egon dadin. Aurten, itzalgune gehiago jarri dira. Sarbidean izango da nobedade nagusia: solariumeko pertsona bat izango da sarrera kontrolatzen arratsaldetan. Modu horretara, eguneko sarrerak eta bonuak bertan ere erosi ahal izango dira, sarrera nagusira joan gabe.

Dekalogo bat elkarbizitzarako

Jokabide onen dekalogo bat ere landu du kiroldegiak, denen arteko elkarbizitza sustatzeko. Besteak beste, higienea zaintzeko, zaborra gutxitzeko edo beste erabiltzaileak errespetatzeko arau eta gomendioak jasotzen ditu. 

25 ikastaro eta jarduera, uztailean eta abuztuan

Udako oporraldian kirola egiteko ikastaro eta jarduera eskaintza ere osatu du kiroldegiak. Orotara, 25 ekintza eskainiko dira, uztail eta abuztuan, hiru adin tartetan banatuta. Eskaintza osoa, ordutegi eta tarifak hemen daude ikusgai. 
Izena emateko aukera dagoeneko zabalik da: horretarako, 943 53 64 00 telefonora deitu ahal izango da, baita Usabal Kiroldegira bertaratu ere.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA