Artxiboen Nazioarteko Astea ekainaren 9tik 13ra ospatuko da. Aurtengo leloa "Artxibo irisgarriak. Artxiboak guztiontzat" da, artxiboek mundu mailako publikoarengana iristeko duten gaitasuna azpimarratzeko asmoarekin. Horrez gain, 2025a Gipuzkoan urte berezi izaten ari da lurraldearen izenaren, ipuskoa hitzaren, 1000 urte ospatzen baitira, “Ipuskoa. Izanetik izena. 1025/2025” proiektuaren baitan. Bi gertaera hauek batuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo historikoek ateak irekiko dituzte. Bisiten helburua artxiboen egunerokoa nolakoa den ezagutaraztea da.
Ekainaren 11n eta 12an Tolosan
Tolosan kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorra ezagutzeko ekainaren 11n eta 12an, hiruna bisita gidatu egingo dira: goizean bi (10:00etan eta 12:00 etan) eta arratsaldean beste bat (16:00etan). Bisita bakoitzean bi talde egingo dira (bat euskeraz, bestea gazteleraz). Talde bakoitzak gehienez 15 lagun izango ditu eta ordu bat eta 30 minutu iraungo du, gutxi gorabehera.
Bisitaren ibilbidea artxiboko hainbat gunetatik igaroko da, baita sarbide mugatuko eremu batzuetatik ere (gordailuak, lan-aretoa, zaharberritze-tailerra, etab.). Era berean, XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dira, Gipuzkoako historiarako interes berezia dutenak.
Bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, telefonoz deituz (943 41 52 62), 8:30etatik 14:30etara, posta elektronikoz idatziz (agg-gao@gipuzkoa.eus) edo inprimaki hau beteta.