Tolosan tokiko energia-komunitateak sustatzeko bost saio ireki ireki izango dira

Maider Navarro Alustiza 2025ko api. 11a, 09:29

Tokiko energia-komunitate bat sustatzeko hausnarketa-prozesua abiatuko da apirilaren 29an.

Tolosan energia-komunitateak sortzen laguntzeko, Udalak bost saio antolatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin elkarlanean. Egitasmo honen helburua da herritarrek energia burujabearen inguruko informazioa jaso, eta tokian tokiko interesdunen taldeak sortzea, «energia komunitate» direlakoak eratzeko.

Energia-komunitateak talde txikiak dira, elkarrengandik hurbil dauden etxe, enpresa/denda edo/eta tokiko erakundetako pertsonek osatutakoak. Irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa elkartzen dira, eta helburua da energia berdea euren kabuz sortu, kontsumitu eta kudeatzea.

Komunitate bakoitzak modu autonomoan garatuko du bere jarduna: autokontsumorako energia sortzen da, energia metatu egiten da eta ibilgailu elektrikoak edo mugikortasun jasangarriko ibilgailuak kargatzeko zerbitzua ematen zaie komunitateko kideei.

Lehenbiziko bi saioak informatiboak izango dira, eta bertan azalduko da zer diren energia-komunitateak, eta zer dakarren horiek sortzeak. Lehenbiziko saioa apirilaren 29an izango da, 18:00etan, TOPICen. Hirugarren saiotik aurrera, eztabaidak eta ibilbide-orri bat zehazteko lanketak egingo dira.

Zenbait urrats eman behar dira energia-komunitate bat sortzeko, eta saio horietan azalduko dira xehetasun guztiak. Komunitateak, sortzez, egitura juridiko ezberdinak izan ditzakete, eta aukera horiek ere azalduko dira, egokiena zein izan ote litekeen aztertzeko.

Saioen jarraipena egin ahalko da Tolosako Udalaren Erabaki Tolosa plataforman, honako helbide honetan: erabaki.tolosa.eus. Bertan, Energia komunitateak atalean sartuta, proiektuaren nondik norakoak ezagutu ahalko dira. Gainera, izena emanez gero, proiektuari buruzko informazioa posta elektronikoz jaso ahalko da.

Saioak

Saioak irekiak izango dira. Lehenbiziko bietan, informazioa eskainiko da eta hurrengoetan, interesdunek zenbait lanketa egingo dituzte. Ez dago aurretik izen eman beharrik.

  1. saioa: Energia-komunitateei buruzko sarrera (apirilak 29, 18:00-20:00, TOPIC).

  2. saioa: Tokikoa eta partekatua den energian sakontzen (maiatzak 13, 18:00-20:00, TOPIC).

  3. saioa: Energia-komunitatea sortzeko eztabaida (maiatzak 27, 17:30-20:30, kultur etxea).

  4. saioa: Elkarrekin, bidea egiten hasiko gara (ekainak 11, 18:00-20:00, kultur etxea).

  5. saioa: Ibilbide-orriaren definizioa (ekainak 17, 18:30-20:00, kultur etxea).

Lehen bi saioetarako itzulpen zerbitzua izango da. Aurrez eskatuz gero, zeinu-hizkuntzako aldibereko itzulpen-zerbitzua ere eskainiko da.

 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean