Apirilean zabalduko da Tolosako udako udalekuetan izena emateko epea

Maialen Bastarrika Luengo 2025ko mar. 10a, 15:59

Ekainaren 30etik uztailaren 24ra bitartean, 6-10 eta 11-14 adin-tarteko umeentzat txandak eskainiko dira.

Apirilaren hasieran posible izango da Tolosako udako udaleku irekietan izena ematea. Lau aste ezberdinetan egingo dira udalekuak, bost eguneko epea dutenak, eta nahi adina astetan eman ahal izango da izena. Datak hurrengo hauek dira:

  • Ekainak 30 – Uztailak 4

  • Uztailak 7-11

  • Uztailak 14-18

  • Uztailak 21-24

Ordutegiari dagokionez, 09:30etik 13:30era bitarte izango da, nahiz eta udalekuak hasi aurretik (8:30ean) eta amaitu ondoren (14:30ak arte) ordubeteko zaintza zerbitzua eskainiko den. 11-14 urte bitartekoen kasuan, astean bitan, astearte eta ostegunetan, 16:30ak arte luzatuko da, irteera eta egunpasak egingo baitituzte.

Prezio publikoak dagoeneko argitaratu ditu Udalak:

  • Astebete: 25 euro.
  • Bi aste: 45 euro.
  • Hiru aste: 65 euro.
  • Lau aste: 85 euro.

Prezio murriztuak ere izango dira. Familia ugariei eta guraso bakarrei % 50ean murriztuko zaie prezio publikoa, eta Gizarte Zerbitzuen eta Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen onuradunei, berriz, % 80, betiere Udalarekin zorrik ez badute. Horrez gain, bizikidetza unitateen diru sarreren arabera ere prezio murrizketa gehiago aplikatu ahal izango dira.

Horretaz gain, 14 urtetik gorako gazteentzat auzolandegi itxiak ere antolatuko ditu Tolosako Udalak, indusketa lanak eta abentura jarduerak uztartuko dituztenak: astebeteko bi txanda, zehazki. Eskaintza honen berri aurrerago emango da.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean