Tolosako Udalak herriko hiri-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzen duen enpresari zehapenak aplikatzeko espedienteari hasiera eman dio.
Hiribusa, Autobuses Cuadra, S.A. enpresak kudeatzen du 2021. urtetik, eta 2026ra arte du esleituta zerbitzuaren kudeaketa. Erabiltzaileek zenbait kexa jarri dituzte zerbitzuarekiko beraz, Udalak, kontratuaren jarraipen zorrotza egin duela adierazi du.
Kexez gain, gertakari gehiagoren berri ere izan dutela adierazi dute Udaletik: alde batetik, langileen mobilizazioak, kaleratze baten eta lan-baldintzen ondorioz. Bestalde, zerbitzuan aurreikusi eta informatu gabeko etenak gertatu direla ere jakin dute.
Udalak eginiko jarraipen horren barruan, enpresa esleipendunari azken sei hilabeteetako dokumentazioa eskatu zitzaion eta ondorioztatu ahal izan dute, enpresak, ez dituela modu egokian betetzen ibilgailuen erabileraren inguruan zerbitzu-kontratuan ezarritako baldintzak. Hori ikusita, Udalak zehapena aplikatuko diola erabaki du azken Osoko Bilkuran. Hain zuzen, Tolosako Udalaren jabetzeakoa den ibilgailu bat eta modu esklusiboan Tolosako zerbitzura atxikita dagoen beste bat, beste udalerri batzuetako zerbitzuentzako eskuragarri jartzeagatik.
Kontratuaren balioaren %2ko zehapena aplikatzea dagokio, 30.058,43 euro. Gainerako gaien jarraipena egiten jarraituko du udalak.