Errepide mozketak Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako kalejiran

Maider Navarro Alustiza 2024ko abenduaren 23a

Gaurtik aurrera ere zabalik egongo da Merkatu txikia.

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako kalejiragatik, errepide mozketa puntualak egingo dira Tolosako kaleetan zehar, arratsaldetik aurrera. Era berean, ezingo da Barrena eta Rondilla kaleetan, eta San Frantzisko pasealekuan aparkatu, Geltoki kaleko bidegurutzera arte. 

Aipatutako trafiko aldaketen ondorioz, Rondilla kaleko eta San Frantzisko pasealekuko autobus geralekuak Santa Klarara lekualdatuko dira, 14:00etatik aurrera, 22:00ak arte. Hiribusari dagokionez, 20:00etan amaituko da zerbitzua.

Hondakinen bilketa zerbitzua

Tolosaldeko Mankomunitateak azaldu duenez, aldaketak izango dira hondakinen bilketako zerbitzuan, eta errefortzua aplikatuko da beste zenbait egunetan. Abenduaren 24an eta 31n, ez da bilketa zerbitzurik egingo gauez. Horien ordez, hondakinen bilketak egun bereko goiz eta arratsaldera aurreratu dira. Hurrengo egunean, goizean ere egingo da bilketa, eta gaueko zerbitzuak beti bezala egingo dira. Horrez gain, traste zaharren bilketa abenduaren 25ean egin beharrean, 26 goizean egingo da. Urtarrilaren 6 eta 7an, batik bat, papera eta beira jasotzeko errefortzua izango da.

Merkatu txikia

Gaurtik aurrera zabalik egongo da Merkatu txikia. Laskorain Ikastolako kideek adierazi dutenez, helburua kooperazio eta elkartasun baloreak ikasleekin gelan lantzeaz gain, ekintza jakin honetan ikastola komunitatea osatzen duten guztien partaidetza bultzatzea da. Hiru proiektuen artean banatuko dute laguntza, “Zutani”, “Tolosaldea Sahararekin” eta “Ibarratik misio taldea” G.K.Eak lantzen ari direnak hain zuzen ere.

Merkatu txikia abenduaren 23tik urtarrilaren 4era egongo da zabalik. Goizeko txanda 9:30etik 13:30era eta arratsaldekoa 16:30tik 19:30ra izango da. Abenduaren 30ean eta urtarrilaren 4ean goizez bakarrik egongo da zabalik baina ordutegi luzeagorekin, eta beraz txanda 9:30tik 15:00 arte izango da.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA