Informazio batzorde iraunkorretan irizpen-proposamenei oniritzia eman ostean, datorren asteko osoko bilkurara eramango duen 2025 ekitaldirako behin betiko aurrekontua aurkeztu du Tolosako udal gobernuak. Gastua arrazionalizatuz, helburu nagusia da Tolosaren garapen iraunkorra bermatzea eta tolosarren beharrei erantzutea.
39.198.600 eurokoa da aurrekontua, udal gobernuak adierazi duenez, iazkoa baino %2.49 handiagoa, milioi bat inguru. Andu Martinez de Rituerto alkateak azaldu du herritarren ekarpenak kontuan hartuta ondu dela proposamena, ariketa hau funtsezkoa izanik lehentasun eta beharrak identifikatzeko, eta gastuek benetako eskakizunei erantzuteko. Oposizioaren proposamenak ere jasotzen dituela ere aderazi du, eta beste zenbait kasutan norabide berean doazen proiektuak txertatu direla.
Lau erronka nagusirekin lerrotu ditu gobernuak proiektu horiek: jasangarritasunean sakontzearekin, kohesio soziala indartzearekin, herriko azpiegiturak modernizatuz eremu guztietako bizigarritasuna hobetzearekin eta administrazioa herritarrentzat irisgarriago egitearekin.
Gastu arrunta
Gastu osoaren %41a ondasun arrunt eta zerbitzuei dagokiona da.
Gastu eta sarrera arruntak orekatuta daudela adierazi du Esti Kortajarena ogasun zinegotziak, 304.620 euroko aurrezki gordina aurreikusiz. Hain zuzen, oinarrizko zerbitzuak mantetzeko gastu arrunta 33,3 milioi eurokoa izango da. Gastu osoaren %41a ondasun arrunt eta zerbitzuei dagokiona da, eta %9,28 igo da, 1,3 milioi. Kortejarena azaldu duenez, igoera horren atzean zenbait kontratutan txertatu diren hobekuntzak daude, "langileen lan baldintzak hobetzen eta zerbitzua bera indartzen lagundu dutenak", hala nola, eskuhartze psikosozialeko zerbitzuan (174.000 €), etxez etxeko laguntza zerbitzuan (233.786 €), kale garbiketan (370.000 €) edo kirol instalazioen kudeaketa kontratuan (517.000 €).
Udaleko giza baliabideena da bigarren zati nagusiena, gastu osoaren %32. Hori ere indartu egingo dela jakinarazi dute: lanpostuen zerrendan bi postu sortuz.
Udaleko giza baliabideena da bigarren zati nagusiena, gastu osoaren %32. Hori ere indartu egingo dela jakinarazi dute: lanpostuen zerrendan bi postu sortuz –batetik, Etxebizitza saileko teknikaria, etxebizitza politiketan gehiago sakontzeko; bestetik, komunikaziorako teknikaria, gaur egungo kanpo kontratazioa amortizatu eta zerbitzua udaleratzeko– eta lan pilaketagatik denbora tarte baterako beste sei postu hornituko direla jakinarazi dute baita ere. ‘Lehen aukera’ programaren bidez, aurreko urteetan bezala, zazpi gazte urtebetez kontratatzeko diru kopurua ere txertatu da.
Inbertsioak eta kapital transferentziak
Kapital transferentzien alorrean, familiei, enpresei, eta auzo, kultur eta kirol elkarteei dirulaguntzak banatzeko, zenbait aldaketa izango dira, iazkoarekin alderatuta. Besteak beste, Galtzaundik 11.000 euro gehiago jasoko ditu Euskaraldia dela eta; Berazubi Auzo Elkarteak ere 10.000 euroko igoera izango du, auzoaren 50. urteurrenagatik; Abesbatzen Europako Txapelketa Tolosan antolatzeko eta Topic zentroaren 15. urteurrena prestatzeko Tolosako Ekinbide Etxeak ere 20.000 euro gehiago izango ditu; Tolosa&Co merkatarien elkarteak, berriz, 7.000 euroko igoera izango du besteak, beste, kanpaina berrietarako, eta herriko saltokietan bonu kanpaina martxan jartzeko Gipuzkoako Merkataritza Ganberari 50.000 euro bideratuko zaizkio, 26.000 gehiago. Alor sozialetan, ‘Dementzia bizitzen’ proiektua garatzeko 6.000 euro bideratuko zaizkio Inmakuladari LHIri.
Inbertsioetarako eta proiektu nagusiak gauzatzeko, berriz, 5.204.920 euro izango ditu udalak:
- Gorriti plazako eremuaren birgaitzea. Lanak gauzatzeko eta obra zuzendaritzarako 855.000 euro bideratu dira.
- Ikasgela. Lokala bera txukundu eta atontzeko 102.000 euro gorde dira.
- Iurramendi kalea. Bidegorriaren bi adarrak –Araba etorbidetik eta Paper kaletik datozenak– batuko dituen urbanizazio obra egingo da, Iurramendi pasealekuan, ibaiaren alboan, sortzen diren arazoak ekidin nahian. 50.000 euro gorde dira.
- Alde Zaharreko Plan Integrala. Bigarren faseko ekintza plana egiteko partida txertatu da aurrekontuan, 60.000 eurorekin.
- AuzoEkin. Herriko zortzi eremutan proiektu txikiak egitea aurreikusten da. Hiru eremuren diagnostiko integrala egiteko partida ere txertatu da: landa eremuarena, eta Izaskun eta San Esteban auzoena.
- Asfaltatze plana. Hiri eta landa eremuko errepide zatiak konpontzea izango da lanen xedea. 500.000 euroko aurrekontua izango da horretarako.
- San Inazio kalea. Ibarrako Udalarekin elkarlanean, inguru horretako segurtasuna hobetzeko urbanizazio obra egingo da. Horretarako iazko aurrekontuan helburu honetara bideratutako 110.000 euroei beste 40.000 euro bideratuko zaizkie.
- Zutani eta Jatorkin elkarteak. Zutanik Berazubi auzoan izango du eraikin berria. Obra proiektua eta obra bera egiteko 192.000 euro aurreikusi dira. Jatorkinen bulego berriaren proiektua idazteko 8.000 euro bideratu dira.
- Usabal kiroldegiko instalazio termikoa. Galdara egoera kaskarrean dago, eta berritu egin behar da, aurreko emakidaren inbertsio planean ez zegoen jasota, eta premiazkoa da. Proiektuaren balioa 1.900.000 eurokoa da, eta Next funtsetatik 867.000 euroko dirulaguntza lortu duenez, udalak miloiaren bueltako inbertsioa egingo du.
- Samaniego Ikastetxea. Haur Hezkuntzako eraikinean LED argiteria jarriko da, eta 192.000 euroko aurrekontua izango da helburu horretarako.
- Baso publikoak. Baso publikoen azalera handitzeko bertako espezieak dituen lursail bat erostea da asmoa. 72.000 euro bideratuko dira.
- LED argiteria. Belaten, Usabal kiroldegiaren inguruan eta Txarama inguruko Tolosako lurretan argiteria berritzeko 60.000 euro izango dira.
- Udaleko webgune berria. Tramitazioa erraztu, eta informazio praktikoa herritarrentzako irisgarriago egitea helburu izango duen ataria lantzen ari dira udaleko hainbat sail.
Aurretiazko lanak martxan dira jada, eta garapenerako 60.000 euro bideratuko dira.
Oposizioaren ekarpenak
Udal gobernuak aditzera eman duenez, oposizioak egin dituen ekarpenetatik gehienek bat egiten dute gobernuaren asmoekin, hein batean behintzat. Proposamenetako batzuk sartu dira aurrekontuan, eta jasota ez daudenetako askorekin antzeko norabidean jardungo da.
Azokarako eta merkataritzarako bonu kanpainen kasuan, adierazi dutenez, bazuten aurreikusia biak ala biak dinamizatzeko poltsa bat eta ikasgelaren proposamena ere ontzat hartu du udal gobernuak, nahiz eta bestelakoa den asmoa, aurrekontuan txertatu du. Hirigintzako lanei lotutako beste bi proiektu jasota geratu ez badira ere, lanek aurrera jarraitzen dutela zehaztu du Ander Figueridok hirigintza zinegotziak. Santa Klara eremurako EAJk proposatutakoari dagokionez, Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi du martxan dagoen aparkalekuen azterketan jada landu dela eremu hori eta inguru horretako mugikortasunari heltzeko, lehenago Zubi Berrirako behin betiko proiektua ezagutu behar dela, eragina izango duelako. Komentua bera ere ez dela udalaren jabetzakoa gehitu du. Amaitzeko, kiroldegiko inbertsioen inguruan, alkateak zehaztu du aurrez zegoen inbertsio planak ez duela baliorik dagoeneko, eta planean jasota ez zegoen premiazko inbertsio bat egin beharko dela, galdararena.