Asko berandutzen ari da aurtengo uzta, eta ez dago Babarrunaren Festako ekitaldi nagusiak egiteko behar adina babarrun; ezohiko egoera honen aurrean, eragile guztien adostasunarekin azoka eta festa eguna atzeratzea erabaki da. Abenduaren 14an ospatuko da Tolosako Babarrunaren Festa.
«Asko berandutu da aurtengo uzta. Garai honetarako lanean hasita behar genuke elkartean, makinak martxan. Baina inoizkoa gertatu zaigu: geldirik dauzkagu. Eta datorrenak itxura ona eta maila paregabea badu ere, aurtengo uzta inoiz baino beranduago dator. Klimaren menpekoa da nekazaritza, eta eragina izan du aurten», azaldu du Xabier Goikoetxea ekoizleen elkarteko lehendakariak.
Ezohiko egoera honek bete-betean eragin dio Babarrunaren Festari. Ekoizleek argi adierazi dute ez dagoela Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa edota Gure Kaiolak antolatzen duen lehiaketa gastronomikoa egiteko behar adina babarrun, ez eta egun horretan saltoki eta jatetxeetara bideratzeko nahikoa kopuru ere. Horiek biak dira egun horretako ekitaldirik esanguratsuenak, eta egiteko bermerik ez dagoela ikusita, data atzeratzea erabaki dute, aho batez, egunaren antolaketan parte hartzen duten eragile guztiek, Tolosako Babarruna Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak, Gure Kaiola elkarteak eta Tolosako Udalak.
«Udalean azaroaren 16rako guztia prestatzen hasiak ginen: azokarako postuen izen ematea zabalik zen, batzuk jasota ere bai. Pasa den aste amaieran, ordea, ekoizleen elkartetik arduratuta deitu ziguten, ezohiko egoera honen berri eman eta data atzeratzeko eskatuz», azpimarratu du Aitor Agirresarobe zinegotziak. «Kontziente gara aldaketak eragingo duenaz. Azken urteotan dimentsio handia hartu du, eta herri osoan eragiten duen eguna da. Askok egutegian ondo gordetako eguna izan ohi da, eta jende asko batzen da mahaien bueltan. Horregatik, hainbat aukera landu ditugu, eragina ahalik eta txikiena izan zedin. Baina azoka eta festa egun honi zentzua ematen dion produktu nagusirik gabe, asmoekin aurrera egitea bideraezina da eta atzeratzea erabaki dugu antolaketan parte hartzen dugun eragile guztiok. Tolosako Babarruna da egun honetan sustatzen duguna, gure herriaren nortasunaren parte da, eta egun honetan bere presentzia ezinbestekoa da», gehitu du.
Horrenbestez, Babarrunaren Festa, bere osotasunean, abenduaren 14ra atzeratuko da. Egun horretan izango dira azoka berezia, bi lehiaketak eta Euskal Jaia, baita egunaren bueltako gainerako ekitaldiak ere. Aurrerago emango dira egitarauaren inguruko xehetasun guztiak. Aldaketa guztiak egitearekin batera, data berrirako izen emateak abiatuko dira.
Uztaren maila, «paregabea»
Aurtengo uzta berandu badator ere, bere maila ona izango dela aurreratu dute ekoizleek. «Gutxiago dator, baina horrek ere badu, nolabait, bere alde ona. Aurreko urteekin alderatuta, itxura hobea duela dirudi, eta hori nabarituko da bere ezaugarrietan. Espero dugu azken egunotako euriteek kalte handirik ez egitea», adierazi du Xabier Goikoetxea ekoizleak.