Azken hilabeteotan, Ertzaintzak, sexu-askatasunaren aurkako ustezko delitu batzuen berri izan du, antzeko ezaugarriak dituen gizon batek egindakoak. Adierazi dutenez, gizon horrek ustekabean erasotzen zituen emakumeak, kasu batzuetan adin txikikoak, ukituak eginez edo masturbatuz, eta segituan ihes egiten zuen.
Hainbat salaketa jaso ostean —azkena joan den irailaren amaieran—, Oriako Ertzain-etxeak ikerketa bat jarri zuen martxan. Segurtasun sailak jakinarazi du, egindako ikerketei esker, 18 urteko gazte bat identifikatu zutela delitu ekintza horien ustezko egile gisa. Beharrezko baieztapenak egin ostean, atzo, asteartea, atxilotu zuten, eta polizia-etxean beharrezko eginbideak amaitu ostean, aske utzi dute, Agintaritza Judizialaren aurrean agertzeko zain.