Ikasturte berriarekin batera, Mugi Tolosa egitasmoa martxan jarriko da, hirugarren adineko helduei ohitura osasungarriak sortzen laguntzeko asmoarekin.
Urriaren 2an hasi eta, ekaineko lehen astera bitarte, asteazkenero egingo dituzte irteerak, Abenduko zubia, Gabonetako, Inauterietako eta Pazko asteak salbu.
Bi taldeetan banatuko dira, egingo duten ibilbidearen arabera: bost kilometroko eta kilometro bakarreko distantziak egingo dituztenak. Kilometro gehien egingo dituen taldea 10:30ean abiatuko da; bestea, berriz, 11:00etan.
Boluntarioen eta ikasleen laguntzaz egiten dira paseoak; Udalaren, elkarte sozial eta ikastetxeen arteko egitasmoa baita Mugi: Inmakulada, Orixe, Laskorain Ikastola eta Herrikide, Tolosako OSI, Iturriza Jubilatu Elkartea, Goyeneche Fundazioa, Iurreamendi eta Uzturre egoitzak eta Nagusilan, besteak beste.
Bizitza aktiboa eta ariketa fisikoa egitea ez ezik, sozializazioa ere bada egitasmo honen helburuetako bat: lagunartean kalera irtetea eta zahartze aktiboa sustatzen baitira. Hori dela eta, harremanak lantzeko beste hainbat ekintza ere egingo dituzte; hala nola, hondartzara irteera, Inauterietako kalejira, Tolosa-Ibarra VI. egitasmoa, ‘Bizikletan adinik ez’, tailerrak (erorikoak ekiditeko gomendioak, bide-segurtasuna, belaunaldi arteko tailerrak…).
Bestetik, Alondegia plazan astelehenetan egiten diren jarduerek jarraipena izango dute. Gainera, aurten Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak eta Gainberrik ere parte hartuko dute, kirol ikasketak egiten dituzten ikasleek saio hauek gidatzeko asmoz.