“Ez gaude kaleak oinezkoentzat jartzearen aurka, baina aparkalekuak behar ditugu”

Erredakzioa 2024ko ira. 26a, 19:36

Tolosako merkatariek dendak itxi dituzte eta Triangulo plazan elkartu dira konponbideak eskatzeko.

Herria denok osatzen dutela diote, baita haiek ere. "Saltokiek kaleak bizitzaz betetzen dituzte, egun grisenetan ere pertsianak igo eta kaleak argiztatzen ditugu. Ez dugu komertzio txikirik gabeko herri bat nahi eta hori saihesteko konponbideak behar ditugu, ez oztopoak" diote.

Merkatariak Tolosa eta Tolosaldeko bezeroei esker bizi direla eta herrian dagoen aparkaleku faltagatik hauen gainbehera bistakoa dela adierazi dute. Asteburu honetan herriko bi kale zentriko, San Frantziko eta Rondilla, peatonalizatuta egon dira eta merkatari gehienenek asteburu gogorra izan dela aitortu dute. Bezero oso gutxi izan dituztela eta izandakoak haserre etorri direla aparkatzeko buelta asko eman behar izan zituztelako. Denok nahi dugu eroso ibiltzeko eta erosteko Tolosa polit, txukun, garbi, jendez betea…  nahi dutela azpimarratu dute baina haien bezeroak galtzea eta dendak itxi behar izatea ez dute onartzen.

Denbora asko daramatela  diote konponbide baten eske eta soluzioak ez ezik, oztopoak baino ez dituztela jaso. Bertakoentzat aparkalekuak beharrezkoak direla eta bizilagun eta komertzioen ordutegiak kontziliatzen saiatu direla.

"Horretarako bertakoen aparkalekuen ordutegia 19:00etatik 20:00etara atzeratzeko eskaera behin eta berriz egin arren, ez dugu ezer lortu eta bezeroak galdu ditugu honen ondorioz. Gure bezeroei erraztasunak eskaini nahi dizkiegu hauek ez galtzeko: aparkatzeko erraztasunak edukitzea, OTA-n denbora bat doan aparkatzeko aukera bertako komertzioan erosteagatik, garraio publiko gehiago etab. Zaborren tasa ere geroz eta handiagoak, nahiz eta etxean baino zabor gutxiago sortu saltoki gehienetan, arropa denden kasuan bezala".

Dendarien esanetan, kaleak biziz eta argiz betetzen saiatzen dira, baina askotan ez dela erraza diote kaleen argiteria eta garbiketa arazoak direla eta. "Tolosako kaleak ilunak daude, dendak itxitakoan, etxerako bidean, beldurra ematen digu kale zehatz batzuetatik pasatzea eta ziur gaude bezero eta bizilagunak ere horrela sentitzen direla. Argi eta bigilantzia gehiago behar dugu lehengo urtean bizitako lapurreten egoera saihesteko. Garbiketari dagokionez, gure denden atariak kaleak dira eta egunero ikusten dugu garbiketa oso eskasa dela, geroz eta eskasagoa, nahiz eta kontziente garen kaleak garbi mantentzea denon ardura dela".

Amaitzeko, merkatarien hitzetan "batzuetan baztertuta sentitzen gara. Tolosa azoka bereziz betetzen da herria harro sentitzen den gauza onenak erakusteko, inguruko bisitariak eta urrutiko turistak erakarriz, baina horien artean ez dugu inoiz merkataritza eta saltokiak agertzen direla ikusten. Elkarteak sortzen dituzten ekimenak soilik ditugu merkataritza bultzatzeko helburuarekin".

Komertzioa itotzen ari dela diote, kontziente direla kanpo faktore asko dituztela zuzenean kaltetzen ari zaizkienak Horregatik herrian ahots bat izan nahi dute eta ez dutela saltoki txikirik gabeko Tolosa bat nahi.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean